#9akLibre

#9akLibre

Ostegun honetan Espainiako Audientzia Nazionalak Periko Solabarria, Iraitz Salegi Topatuko kazetaria eta Ernaiko zazpi kide epaituko ditu. 2013an Ernai gazte antolakundearen jaiotza ospatzeko Gazte Danbada jaialdian “Terrorismoari gorazarre” egitea egotzita, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen dute Periko, Salegi kazetariarentzat eta Ernaiko kide batentzat, 2 urtekoa Ernaiko beste sei kiderentzat. Enegarren epaiketa honekin euskal gazteria berriz ere jo puntuan jarri du Espainiako Entzutegi Nazionalak. Terrorismoari gorazarre egitea jarri dute aitzakiatzat oraingoan ere, nahiz eta argi eta garbi ikus daitekeen erabat faltsua dela Guardia Zibilak osatutako txostena. Onartezinak dira mahai gainean jarritako kartzela eskariak, zer esanik ez, Topatuko kazetariari jarritakoa bere lana egiteagatik, informatzea.

Gazteria inkonformista beti izan da traba sistema kapitalista eta patriarkalaren mesedetara lan egiten duten gobernuentzat. Urte luzeetako gerra estrategia daukate piztua Frantzia eta Espainiak eta biharko epaiketa ere adibide argia da. Gazteriaren kontrako epaiketa izatetik harago, Euskal Herriaren kontrako epaiketa da, aske izan nahi duen herri baten aurkako epaiketa.

Euskal Herri aske, sozialista eta feminista dugu helburu eta horregatik gaude etsaiaren jo puntuan. Ukazio eta zapalkuntzak bere horretan diharduen bitartean proiektuen arteko talkak ere bere horretan jarraituko du; bere buruaren jabe izan nahi duen herria eta herrien kartzela den estatu herdoildu eta amorratua. Etsaiak ere oso argi dauka hori eta horretarako darabil bere esku daukan makinaria judizial, polizial, politiko eta komunikatibo guztia. Ezin aipatu gabe utzi bidelagun zintzo diren euskal kolaboratzaile “demokratak”. Ikusi besterik ez dago Gasteiz eta beste hamaika txokotan herri harresiak borraz nola hautsi nahi izan dituzten, justiziaren alde lerrokatu ordez, lege faxistak babestuz.

Urte luzeetan herri honek zerbait erakutsi badu borrokarako konpromisoa izan da. Bide luze honetan beti izan da gazteria aitzindari eta gaur egun ere bide beretik jarraituko dugu. Testigua jasoaz, gure etorkizuna eraikitzen eta borrokatzen jarraituko dugu, oraina borrokatuz, erasoei desobedientziaz erantzunez eta burujabetzaren alde alternatibak eraikiz. Gazte mugimendutik hasi eta herri sektore desberdinetan parte hartzen jarraituko dugu.

Oraina borrokatuz biharko Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzen segitzeko hautuan berresten gara. Animo eta besarkadarik beroena zortzi gazte borrokalariei eta bereziki duintasunaren eredu den Perikori. Gora gu ta gutarrak!