Absoluzioa baino ez dugu onartuko

Absoluzioa baino ez dugu onartuko

Lau hilabete luzez gure herriko berrogei gazte epaitzen aritu da Audientzi Nazionala. Duela lau urte atxilotuak, inkomunikatuak, torturatuak eta espetxeratuak izan ziren Guardia Zibila eta Polizia Nazionalagatik. Akusazio bakarra Segi gazte antolakundeko kide izatea zen, hau da, gazte problematika landu eta Euskal Herriaren askatasunaren eta eraldaketaren alde lan egitea. Berrogei gazte hauen aurka fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatzen du, bost egunez torturatu zituztenak aldiz, aske dira eta euren testigantza froga legitimo bilakatu da.

Hain zuzen ere, gazte independentisten aurkako epaiketan frogatu den bakarra gazte hauek Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren esku igarotako egunetan infernua ezagutu zutela da, tortura fisiko zein psikologikoak jasan zituztela eta euren zein kideen aurkako inkulpazioak sinatzera behartuak izan zirela. Argi geratu da baita ere Euskal Herrian gazteria borrokalaria etsaiaren jo puntuan dela, gazteen lan politikoa kriminalizatua izan dela, gazte hauek denbora luzean zehar jarraipenak jasan zituztela eta jazartuak izan zirela. Zergatik ordea hainbesteko oldarraldia Espainiako estatuaren partetik? Gazte borrokalari eta konprometituek egindako lanak Estatu espainiarra dardarka jartzen duelako, jakin badakielako gazteok herri honen eraldaketaren eta konponbidearen bidean emaniko urratsak garrantzitsuak direla.

Lau hilabete luze eta gogor izan dira Madrilen igarotakoak, baina baita elkartasun eta konpromisoz betetako egunak ere. Halako epaiketak lekuz kanpo daude, Audientzia Nazionala ez da nor euskal herritarrak epaitzeko eta konponbide bidean kartzelak betetzeko baino kartzelak hustutzeko garaia dela nabarmendu nahi dugu. Gazteen azken alegatoak argi dioen moduan, onargarria den bakarra absoluzioa da.