Azaroaren 25ean ere, gazteok indarkeria matxistaren kontra

Azaroaren 25ean ere, gazteok indarkeria matxistaren kontra

Indarkeria matxistak baditu milaka aurpegi eta milaka ahots baina forma ezberdinetan adierazten den arren, bizitzako esparru guztietan ematen da. Batzuetan emakumeon gorputzak jipoituz, besteetan bihotzak geldituz eta sarri-askotan hain ikusgarriak ez diren moduetan: gure ahotsa eta iritzia isilaraziz, ama izatera derrigortuz, kanon estetiko zehatz baten esklabu bihurtuz, geure burua gizonezko baten begiradatik maitatzera behartuz, bakarrik gaudenean beldurra sentiaraziz… Indarkeria matxistak ez du klase sozialaz ez adinaz ulertzen; batekoa zein bestekoa, helduagoa edo gazteago izan, emakumeok jazarriak gara. Izan ere, indarkeria matxista sistema kapitalista-patriarkarrak bere biziraupenerako ezinbestekoa duen tresna da, modu honetan mantentzen eta erreproduzitzen baitira hain beharrezkoak dituen botere harremanak.

Botere hegemonikoek gure jabe bailitzan jokatzen dute, zer egin behar dugun azalduz, nola maitatu behar dugun inposatuz, zer jantzi behar dugun zehaztuz… baina nahikoa da! Gu gara gure buruen jabe bakarrak eta ez dugu onartuko inoren mende bizitzea bortxaz. Horregatik, gaur eta beti jarraituko dugu indarkeria sexistaren aurka borrokatzen, autodefentsaz aurrera egiten. Azaroaren 25a egun aproposa dugu aldarri hori kaleratzeko eta izango diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Baina borroka feminista egun bateko lanketaz harago, geure eguneroko bizitzaren parte izan behar da, modu horretan izango baikara soilik aske.