Berlin 25 urte: ezkerraren bilakaera

Berlin 25 urte: ezkerraren bilakaera

1989ko Azaroaren 9ko gauean, SESBaren desegite prozesuaren hastapenetan, Berlingo Harresi Antifaxistaren eraisketa hasi zen. Bi aldeetako milaka biztanlek parte hartu zuten espontaneoki eginkizun historiko horretan, mendebaldeko komunikabide kapitalisten pozerako. 1985-86 urteetan ezarritako Mijail Gorbachoven Perestroika eta Glasnost erreforma planek porrot egin zuten hamarkada amaierarako, “Sozialismo Erreala”ren amaiera ekarriz. Honek, mundu mailako ezkerreko erreferentearen desagerketa ekarri zuen, ordurarteko bipolaritatearekin apurtuz (Kapitalismoa/AEB Vs Sozialismoa/SESB).

70. eta 80. hamarkadetan, Latinoamerika izan zen Neoliberalismoaren jopuntu. Sekretuko finantzazioaz, mertzenario eta diktadura militarren laguntzaz, AEBek esperimentu sozio-politiko eta ekonomikorako lurraldea bilakatu zuen. Indarrez eta odolez inposatutako ekonomiek, SESBaren kontrako presioan parte hartu zuten, berau hainbat barne eta kanpo faktoreen ondorioz azkenean eroriz. Helburu nagusia 90. hamarkadan bermatzen hasi zen: mundu unipolarra, sistema bakartasuna eta “merkatu-librean” oinarritutako globalizazioa.

70. hamarkadatik Europako alderdi komunistetan Eurokomunismoa indartzen eta ezartzen hasi zenetik, klase ertainaren garrantzia eta sozialdemokrazia gailentzen hasi ziren, oro har, ezkertiarren artean. Iraultza/Erreforma binomio klasikoan, iraultzaren ezintasuna sutsuki defendatzen hasi ziren pentsalari batzuk, erreformen bidea hautatuz sistemaren aldaketa lortzeko. 89an harresia bota zenean, Moskuren gidaritza desagertzean eta presio, inposaketa eta murrizketa neoliberalak heltzerakoan, Europar Ezkerrak indarra eta babesa galdu zuen.

Ideologia aldaketak, eszisioak, zentro edo eskuineranzko mugimendu teorikoak, klase-borrokaren ukapenak eta “demokrazia” kapitalistaren onarpenak ezkerraren gainbehera markatu zuten. Jada ez zen alternatiba errealik irudikatzen ezta planteatzen testuinguru horretarako. Jarrera defentsiboetara mugaturik, urteetan zehar borroka bidez lorturiko aurrerapenak nola deuseztatzen ziren ikusi behar izan zuen langileriak.

Espainiar Estatuan, Santiago Carrilloren alderdi komunistak eta Felipe Gonzalezen alderdi sozialistak bide berdintsua jarraitu zuten. Diktadurapean, ezkerreko erreferente izatetik, jarrera iraultzaileak defendatzetik, marxismo-leninismoa ukatzera eta Moncloako paktuak sinatzera igaro zen alderdi komunista. Militante askorentzako traiziorik bortitza suposatu zuen aldaketa horrek, mundua eraldatzeko esperantzen galera. Gonzalezek, estrategia elektoralista hutsean kokatzen zituen eslogan eta printzipio politiko guztiak, bere karreraren hasieran Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde ere agertu zelarik.

Diktadura Frankistatik hona, gaizki izenpetutako “trantsizio” fase horretan Estatuko egiturek bere baitan jarraitzea bermatuko zuen fartsare parte izan ziren alderdi politiko eta sindikatuak, formalki Monarkia Parlamentario bipartidistan bilakatzeraino. Indar ezkertiarren lausotze eta asimilazio prozesua gutxika eta tentuz eman zen Espainiar Estatuan, “posible den mundurik onena” diskurtsoan sakonduz.

SESBaren desagertzeak eragin zuzena izan zuen Euskal Nazio Askapen Mugimenduan (ENAM) eta honek jarraitzen zuen ideal sozialistan. Hedapen finantziero garai horretan, itxurazko garapen ekonomikoak eta ezker klasikoaren atzerakadak “Mendebaldeko marxismoa”ren krisia agerian utzi zuen. Euskal Herriko testuinguruan, ezkerraren zatiketa nabarmena zen 70. hamarkadatik (74an ETA(PM)/ETA(M), 77an HB(Altsasuko mahaia)/EE...), hainbat alderdi, elkarte zein antolakunde ezberdin sortuz; EMK, EIA, LAIA, HASI, LKI etabar.

1993an, Euskadiko Ezkerraren (EE) VI. Kongresuan, PSErekin fusioa onartu zen, behin askapen prozesuan protagonista izatetik (ETA(PM)ren babesa izan zuen koalizio/alderdi honek), espainiar Estatua eta nazionalismoa defendatzera definitiboki igaroz. 92an HASI disolbatu zen, KAS alternatibaren egokitzapen fasea zen; 94an Txinaurri prozesuan, ENAMk Nazio Eraikuntzan eguneroko lanari berebiziko garrantzia esleitu zion. ETAk, orduan, KAS alternatiba egokitzeko asmoz, Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen 1995ean.

Azken finean, estrategia aldaketa honetan Nazio Eraikuntza kokatu zen erdigunean, sozialismoari ekarpena eginez. Testuingurua kontutan hartuta, autodeterminazio prozesu internazionalek pisu berezia izan zuten aldaketa honetan, aurretiaz aipatutako “ideal sozialistaren” krisiaz gain.
Beraz, ezkerreko erreferenteen galerak, zentzu batean, proiektu sozialista sendo eta teorizatu baten hutsunea areagotu zuen, baita horrekiko ilusioa galtzea ekarri. Hau alternatiba errealen irudikapen eta egikaritze ezintasunekin zuzenean lotuta zegoen, nolabaiteko noraeza sumatuz arlo zehatz horietan. Ondorioz, 90. eta 2000. hamarkadak “ongizate” estatuaren eta demokrazia kapitalistaren onuren diskurtsoek markatu zituzten.

Hala ere, 2007-2008ko Sistemaren Krisi Integral honen hasieratik, egoera zeharo aldatzen ari da. Asiako txoko batzuetan eta Latinoamerikako leku askotan alternatiba errealek bizirik diraute, asko (bir)sortzen eta (ber)indartzen doazen heinean (iraultza bolivariarra kasu). Europari dagokionean, Grezian herri-boterea areagotzen doa fabrika-berreskuratuen eta auzo antolakuntzen gorakadari esker.

Krisi garaiak ahalduntze prozesu bat suposatu du herrialde grekoan, kanpo-zorrez itotako Estatuak, “ongizatea” hankazgora utzi eta eskubideak debekatzean. Horren aurrean, auzoz auzo eta herriz herri, langileria antolatzen hasi da egunerokotasunari aurre egiteko eta etorkizuna eraikitzen hasteko.

Bestalde, Ukranian bizitako Estatu Kolpe inperialistaren ondorioz, Donbasseko langileriak ere hil ala biziko hautua egin du; Juntako Gobernu faxistari aurre egiteko, herri-errepublikak aldarrikatu eta hauek defendatzeko borrokatu. Testuinguru honetan, esanguratsu eta argitzaileak izan da Donbasseko meatzariek Europako langileei egindako deialdia (nazio eta klase gatazka azaleraziz eta askapen borrokara batzeko deituz).

Gertakari historiko hauek erakusten dute, ez-bairik gabe, kapitalismoaren erdigunean ere alternatibak eraikitzeko aukera eta beharra dagoela. Nazio eta klase kontraesanak gainditze bidean bada, Euskal Herriak badu zer esanik. Iraultzaren bidean, askatasuna ipar, etorkizuna eta oraina gure esku daude.