Biji Rojava! (Kurdistan)

Biji Rojava! (Kurdistan)

Kobanê, Rojavako (Siriak okupatutako Kurdistan) kantoietako bat da. Sirian gerra lehertzearekin batera, kurduek gerrako bi bandoak euren herri izaera onartzen ez dutela ikusita, aldebakarreko estrategiarekin jarraitu zuten, eta pixkanaka, euren lurraldearen zati bat askatzea lortuz. Aldebakarreko independentzia izendatu zuten Rojava (“Kurdistango Mendebaldea” esan nahi du kurdueraz) izeneko eremuan. Rojavako lurraldea hiru kantoiz osatuta dago (Efrin, Amûdê eta Kobanê) euren artean ia komunikatu gabe daudenak. Horrek egoera asko zailtzen du.

Siriako gerra hastearekin batera, Bashar al-Assaden gobernuaren instituzioak pixkana erortzen joan ziren. Kaos politikoaren erdian, 2012ko uztailaren 19tik aurrera, eremuotan YPG (Rojavako ejerzito herritarra, mixtoa) eta YPJak (Rojavako ejerzito herritarraren emakumeen miliziak) hartu zuten agintea. Berehala, prozesu herritar eta eraikitzailea jarri zuten martxan Rojavan, eta biztanleriaren sektore ezberdinen ahalduntzea gertatu.

“Uztailaren 19ko iraultza” deitu zioten Rojavan hasi zen prozesuari, eta horrela gradualki lehengo sistema ekonomiko eta sozialarekin hautsi eta konfederalismo demokratikoa martxan jarri dute azken bi urteotan. Konfederalismo demokratikoa, PKKren (Kurdistango Langileen Alderdia) apostu estrategikoa da, helburu duten sistema sozialista eta feministaren definizoa, baina aldi berean, Kurdistan batu eta independienteari erantzun diezaiokeen lurralde-antolaketa ere bada. PKK edo Kurdistango askapen sozial eta nazionalaren mugimendua gidatzen duen paradigma da konfederalismo demokratikoa.

Rojavako iraultza eta konfederalismo demokratikoaren eraikitze prozesua, zalantza barik, pausu handia izan da Kurdistanen askapen sozial eta nazioanala erdiesteko bidean. Baina bi urteotan, etengabeko erasoak jasan behar izan ditutzte, batik bat Estatu Islamiarraren (IS, siglak ingelesez) partetik. Bitarte honetan, Mendebaldeko herrialdeek bizkarra eman diote Rojavan gertatzen ari zenari. Bide honetan, nabarmentzekoa da Turkiako gobernuak izan duen jarrera Estatu Islamiarraren laguntzaile gisa. Besteak beste, Turkiako armadak lurrazpiko tunel ezberdinak egin ditu, Estatu Islamiarreko kideak bertatik mugitu ahal izateko, bai zaurituak daudenean hauek Turkiara eramateko, baita Europatik datozen kideak Siriara sartzeko. Ez hori bakarrik, bi urteotan behin eta berriz agertu dira, Estatu Islamiarrak Turkiak bidalitako armak erabil dituenaren frogak.

Azken aste hauetan, Turkiak mugak itxi dizkie errefuxiatu kurduei, basamortuan ezer gabe utziz. EIko kideentzat zabalik dago muga. Errefuxiatu edota herritar kurduentzat, ordea, arantzazkoa da Turkiara igarotzeko hesia.

Nazioarteak bestaldera begiratzen duen bitartean, Turkiak EIri laguntza ekonomiko eta lojistikoa ematen dion bitartean, kurduak bakar bakarrik aritu dira bi urteotan EIren faxismoari aurre egiten, aurrez aurreko gudan, armamentu eskasarekin. Bi urteotan faxisten erasoei erresistitu, eta gainera, prozesu iraultzailearekin aurrera jarraitzea lortu dute Rojavan. Ez da gutxi! Baina pasa den irailaren 15etik ofentsiba areagotu du EIak, eta kurduen armada herritarra (YPJ eta YPG miliziak), pixkana pixkana lurraldea galtzen hasi da.

Krisi humanitario gordinean aurkitzen da asteotan Rojavako herria: erailketa masiboak, emakumeen bortxaketak, esklabutza, 200.000 errefuxatutik gora... Baina Mendebaldeko potentziek isilik jarraitzen dute egoera larri honen aurrean. Rojavako kasuan ez bezela, abuztuan Sinjar mendian (Irakeko Kurdistan), Estatu Islamiarraren ofentsibaren aurrean, AEB eta beste zenbait herrialdeek eskuhartu eta kurduen gerrilla armaz hornitu zuten, Irakek mendebaldeko potentzientzat duen garrantzi estrategikoa kolokan ikustean. Siriaren kasuan ordea, al-Assaden Gobernua potentzien etsai izaki, Kurduen aurkako ofentsiba neurrigabearen aurrean sorgor geratu dira, argi erakutsiz euren interesak tarteko baino ez dutela “laguntza” eskaini edo kentzen eta ez, saldu ohi duten “demokraziaren” izenean; bizitza guztiek ez dute balio bera antza.

Irailaren 15etik Kobanêko hiria Estatu Islamiarraren setiopean egon ostean, atzo, urriaren 6an hirian sartzea lortu zuten faxistek. Asteotako erresistentzia benetan duina eta latza izan da, besteak beste, EIko tankeen aurka kasik esku hutsi aurre eginez, bizi galduz euren herriaren eta gizaldiaren askapaenaren alde.

Atzotik jada guda Kobanêko kaleetan gertatzen ari da, parez pare. Kobanêko herritar dezentek, armak hartu eta euren proiektu politikoa eta askatasuna defendatzea erabaki dute, nahiz eta ekintza horrekin bizitza jokoan jarri. Jakitun dira Estatu Islamiarrak zer ekarriko duen: gutxiengo erlijioso eta etnikoen erailketa masiboak, emakumeen bortxaketa eta salerosketak, adierazpen askatasun eza... finean sistema totalitario hutsa. Atzotik Kobanêren erresistentziarekin elkartasuna zabaldu da Kurdistango herri eta hiri guztietaraino, baita Turkiako eta Europako hiri garrantzitsuetaraino ere.

Herri kurduak, beste behin, duintasun eta elkartasun irakaspenak eman ditu egunotan. Guk ere dei egin nahi dugu herri kurduarekin elkartasunean, asteazken honetan, hilak 8, arratsaldeko 18.30etan Bilboko plaza biribilean burutuko den elkarretaratzera. Herritar eta langileon arteko elkaratsunaz soilik suntsituko baitugu sistema inperialista hau!

Gora Rojavako uztailaren19ko iraultza, eta gora Kobanêko erresistentzia!

Biji Kurdistan!