#Ek28 Gozatu plazer ukatua

#Ek28 Gozatu plazer ukatua

Ekaineko azken aste honetan mobilizazio ugari batu zaizkigu. Tartean dugu ekainaren 28a, sexu askapenerako nazioarteko eguna. Euskal Herriko eta munduko beste hainbat txoko sexu askatasunaren aldeko aldarriz kaleak betetzen diren eguna.

Estatu Batuetako Stonewall auzoko homosexual eta transexualak haien eskubideen alde matxinatu ziren egun hartatik urteak pasa arren, oraindik ere kaleak hartu behar direla gogorarazten digu egutegiak. Sistema kapitalista patriarkarrak bizirauteko beharrezkoa ditu heterosexualitatean eta erreprodukzioan oinarritutako bizi molde eta harreman ereduak; gure desirak norabidetuz, praktikak arautuz, plazerra ukatuz.

Txikitatik hezi gaituzte gizon-emakume binomioan kokatu gaitezen, urdin edota larrosaz jantzi gaitezen. Sexu-genero-sexualitatearen arteko harremanetara “normalizatu”, hiritar zintzoak eta artaldeko ardi zuriak izan gaitezen. Beti larretik irten ez gaitezen. Praktikak, gorputzetan eta erabakietan ezartzen dizkigute, begiradak norabidetu eta desirak eszenografiatu.

Normatiba eta izan behar garenaren inposizioen gainetik, guk, gure erabakietan burujabe izan nahi dugu, gara. Hamaika modutara gozatzen dugu, banaka, binaka edo taldean. Belarrira xuxurlatuz, elkar miazkatuz, begirada batez, desirazko harramazkaz, laztan leunez, muxu hezeez. Inposaketa sistemikoen eta eredu hegemonikoaren aurrean aske gozatzea erabakitzen dugu, zernahi garela aldarrikatzen dugu. Barren barrenetik sentitzen dugulako hartzen dugu erabaki politikotzat, egunerokotasunean mugak apurtuz.

Normatibitatetik ihes egiteko mila bide probatzen gabiltzan bitartean, erasoak ere mila lekutatik datozkigu. Sistemak bere izaera kolokan ikusten duenean, bere makineria guztia jartzen du martxan honi aurre egiteko. Ezarritako praktiketatik apur bat aldentzen garenok epai moral eta sozialen jopuntu gara, kalean erasotuak, legez arautuak. Bide ezberdinez lotu nahi gaituzte normalitatera, heteroaraua berproduzitu dezagun; maitasun erromantikoa, monogamia edota familia tradizionala gure bizitzen oinarrian kokatuz, istituzio goren bezala.

Ez da erraza bortxaz bizi dugun eredu honen eta etengabeko erasoen aurka borroka egitea. Plazerra nahieran gozatuz, desirak gure bizi proiektuen erdigunean kokatuz bizi nahi dugu. Sexualitatea askatasunez bizitzea da sistemari aurre egiteko dugun borrokarako tresna, zernahi izanez. Hori baita patriarkatuak sortutako kategoria hertsi eta mugatuak apurtzeko modu bakarra, heterosexualitateak arau izateari uzteko modu bakarra.

Jendarte feminista eraikitzeko bidean, borroka eguna dugu ekainaren 28a. Beraz, egingo diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Araua apur dezagun, gozatu dezagun plazer ukatua!