Eskoziako erreferenduma

Eskoziako erreferenduma

Eskoziar herriak atzo erabakia hartu zuen. 2007an SNP-k, Eskoziako Alderdi Nazionalak hasitako ibilbidean mugarri izan zen atzoko eguna. “Eskozia Estatu independentea izatea nahi duzu?” galderari erantzun zioten 16 urtetik gorako 4,3 milioi eskoziarrek eta emaitza ezezkoa izan bada ere, Albako herriak burujabetza lortzearen bidean pausu izugarria eman du.

 

Azken urteotan, Europako herri zapalduon artean erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduek gora egin dute. Horren adibide Euskal Herria, Katalunia edo Irlandako kasuak, euren ezberdintasunak argiak izanik ere, bide bera egiten diharduten herriak. Zalantzarik gabe, Eskoziako erreferendumak herri zapaldu guztioi leiho eta ate ezberdinak ireki dizkigu eta nola ez, eragin zuzena izan du gure errealitateetan.

 

Atzoko egunean Eskoziak bere etorkizunaren jabe dela erakutsi zigun; gaur, euren helburutik hurbilago daudela. Erresuma Batuko premier-ak 2012an izandako jarrera demokratikoak eta bereziki eskoziarren determinazioak erreferenduma bera ospatzea ahalbidetu du. Tamalez, Estatu espainiarreko Cameronen homologoak ez du demokrazia zer den ulertzen eta bi hilabeteren buruan Katalunian aurreikusitako kontsultari, hau da, herritarren eskubide eta nahi den galdeketari, ahalik eta oztopo gehien jarriko dizkio ospatu ez dadin. Trabekin ordea herritarren borondate eta nahia ez da desagertarazten. Horren adibide izango da Euskal Herria ere. Guri dagokigu Estatu zapaltzaileen oztopoak oztopo gure bidea egitea, erabakitzeko eskubidean sakonduz, independienteak izateko ditugun arrazoi guztiak mahai gainean jarriz eta gatazka soziala eta nazio gatazkaren arteko harremanean sakonduz. Hau da, gure herriaren eta herritarren askatasun sozial eta nazionala gure jardunaren erdigunean kokatuz, gure askatasunerako bidea egunez egun eraikiz.

 

Ezezkoa gailendu da Eskozian. Herritarrek eginiko lana eta prozesuak eginiko bidea ordea txalokatzekoa da. Independentziaren alde mugitutako milaka herritarren lana izan da Eskoziak bizi izan duen prozesu independentistaren alde positiboena. Aipagarria guretzat Radical Independence Campaign mugimenduak YES kanpainaren baitan ezkerreko ikuspegia txertatzeko helburuarekin eginiko jarduna. Langile klase kontzientzia errotua duten herrietan, Glasgow kasu, langile klasearen eta nazio askapenaren artean dagoen lotura landu dute eta independentziaren aldeko boza gailendu da. Aipagarria ere gazteriaren artean ere baiezko bozka gailendu izana; azken hilabeteetan ezezko bozkaren aldekoak zabaldutako beldurraren kanpainari ausardiaz eutsi eta etorkizu hobe baten desiran emaniko belaunaldi berrien bozka.

 

Gainea, azken datu honek argi erakusten du Eskoziak baduela etorkizunik independentziaren bidean eta ibilbide luze eta astuna izan arren, borondatea eta indarra sobera dutela jarraitzeko, herri aske bat eraiki artean.