Esplotatzaileen aurka ekin borrokari!

Esplotatzaileen aurka ekin borrokari!

Ernai eta LAB sindikatuaren aliantzaren baitan “Gazteontzako Lan Eskubideen gida” egin genuen publiko ikasturte hasieran. Helburua, gazteok ditugun lan eskubideak ezagutu eta aldi berean borroka tresna gisa erabiliz ukatuak zaizkigun eskubideen aldeko borroka indartu eta bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko gazte ekarpena egiten jarraitzea izan da.

Bide honetan, beste urrats bat ematera gatoz. Herriz herri gidaren aurkezpenak burutzearekin batera, gazteon lan eskubideak sistematikoki urratzen dituzten lantokietara joango gara egoera salatu eta bertako gazte langileei gure elkartasuna helaraztera. Eta ez hori bakarrik, klase elkartasunari ere heldu nahi diogu burutuko ditugun ekimenetan, arazoa ez delako bakarrik gazteona eta beraz langile klase eta herri sektoreen elkartasuna ezinbestekoa da.

Gazte prekarietatea ez da kasualitatea ez eta gutako bakar batzuei eragiten diguna. Egoera orokortua da, denok bizi dugu neurri batean edo bestean eta arrazoi nagusi bati erantzuten dio: kapitalismoak lan indar gazte eta merkea behar du bere biziraupenerako. Esplotazioan oinarritzen den sisteman bizi gara.

Gure kontura aberastasuna metatzen jarraitu nahi dute hemengo jauntxo eta mugaz gaindiko multinazionalen jabeek, eta horra gure lan eskubideak urratzen jarraitzeko duten borondatea. Merkantzia besterik ez gara haien begietara, haien kontu korronteak handitzeko baliagarri zaizkien zenbakiak.

Baina argi dute ezer egin gabe eta isilik egongo garela uste badute! Gazteok ez dugu onartzen gure bizitzaren jabetza putre hauen eskuetan egotea. Diru gosea asetzeko esplotatzen gaituzten horiek has daitezela dardaraka. Gure egoeraren jabe izan, gure arteko elkartasuna indartu, egoerari erantzuteko antolatu eta borrokari ekitea da dugun aukera bakarra. Egoera iraultzeko dugun aukera bakarra.

Guzti honengatik, burutuko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaitugu gazte. Gazteok ohikoak ditugun lantoki batzuetara joango gara, gidak eta informazioa banatuko dugu, herritarroi egoeraren berri eman eta elkartasuna adierazteko eskaintza egingo diogu eta gure esplotatzaileak salatuko ditugu.

Zuk ere prekarietatea zer den badakizulako, esplotazioa zure larrutan bizi duzulako, baina batez ere zu borrokarako eta eraldaketaren parte zarelako, ekin borrokari!