Esplotaziorik gabeko Euskal Herria eraikitzera goaz

Esplotaziorik gabeko Euskal Herria eraikitzera goaz

Gaur Bilbora Luis de Guindos Espainiako ekonomia ministroa etorri da “hazkundeaz” hitz egitera. Berarekin batera, beste hainbat borrero batuko dira, bapo bazkaldu eta etorkizunean aberastasunak gora egingo duela esanez amaituko dute bilera- antzerkia.

Bai, aberastasunak gora egingo du, baina ez langileon eta herri sektoreon aberastasunak, baizik eta bera eta bera bezalako enparau esplotatzaileena. Gu guztion miseria areagotuz beteko dituzte putre hauek beraien boltsikoak, gu guztion prekarietatean sakonduz handitzen dituzte haien mozkinak.

Gazteon egoera bereziki larria da. Aldi baterako kontratuak, langabezia, kanpora enplegua lortzeko emigrazio behartua, lan praktiketako baldintza eskasak... Gehienetan kontraturik gabe, segurtasun neurririk gabe eta soldata miserableekin.

Baina nazkatu gara! Gazteok ez gaude prest inposatu nahi diguten egoera onartzeko. Esplotaziorik gabeko espazioak irabazteko borrokari ekingo diogu, argi dugulako ezer ez digutela oparituko eta soilik borrokaz eta gure arteko elkartasunez lortuko dugula lapurtu nahi digutena: etorkizun duina izatea.

Etorkizuna da beraz jokoan duguna, eta horretarako ERNAI eta LAB-en elkarlanaz aldarrikapen taula adostu eta publiko egin dugu. Borrokarako tresna izango den taula, esplotaziorik gabeko Euskal Herria lortzeko borroka tresna. Gure eskubideak defendatzeko tresna.

Prekarietateari aurre egin behar diogu, eta horretarako denok gara beharrezko. Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara!