Euskal Herriaren hitza: 40ak libre!

Euskal Herriaren hitza: 40ak libre!

Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena… eta garaile eta garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna.

Etorkizunerako zubiak. Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da.

Ilusio zubiak. Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena.

Justizia zubiak. Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik.

Horregatik guztiagatik, adierazpen honetan prozesu judiziala bertan behera uztea eskatzen dugu, edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre nahi ditugu.