Gaztesarearen aurkako epaiketa

Gaztesarearen aurkako epaiketa

Audientzi Nazionalean deklaratu behar izan du gaur Arkaitz Artola gazteak Gaztesarea web atarian Segi Gazte Erakundeko zozketa sarituen zenbakiak argitaratu zirela eta. Arkaitz 2009ko uztailean atxilotu zuen Guardi Zibilak, beste hainbat gazterekin, web atariaren aurkako sarekadan. Gaztesarea gazteek gazteentzako eginiko informazio, hausnarketa eta eztabaida ataria zen. Herrietako gazte proiektu eta borroken isla. Bestelako herri eredu baten alde lan egiten duten gazteen ekarpen zein ekimenak biltzeko gune.

Hain zuzen ere, sistematik aldendu eta Estatuek inposatu asmo diguten herri nortasun zein ereduari aurre egiteagatik bilakatu zen mehatxu web ataria. Antolatuz, sorkuntza landuz, esperientziak elkartrukatuz… bakoitzak bere eremutik eta maila lokalean eraldaketa posible denaren ispilu bizia zelako. Eta badakigu Espainiar Estatuarentzat mehatxu bihurtzen den orori gertatzen zaiona; errepresioaren jo puntu bilakatu zuten ideiaz eta irrikaz betetako proiektu komunikatibo hori.

Ez lehena, ez azkena. Kasu honetan gazte web atariaren aurkako oldarraldiak harrapatu zuen Arkaitz. Baina herri honetan bizi garenok badakigu halako erasoak ez dira isolatuak izan ohi. Askatasun haizez, oraina eta geroa eraiki asmoz, eraldaketa bultzatuz edota proiektu justuagoak borrokatuz bizi den oro da Estatuarentzat mehatxu, kolpatu eta zigortu beharreko elementu.

Gaur, Arkaitzen txanda izan da, baina ezin ahantzi urrian bertan epaituko dituzten 76 kideak, edota Barañaingo Xapo eta Luis…zerrenda luzea da. Etetea eta honekin amaitzea ordea gure esku dago. Libre izateko determinazioa badugu, osa dezagun igaro ezin izango duten harresia, argi gera dadila ez dugula epaiketa gehiagorik onartuko. Herri honi konponbidea zor diogu. Gure urratsak konponbidearen bidean gauzatzen ari gara. Espainiar zein frantziar estatuek bestelakorik nahi badute, gatazka hau luzatu eta iraunaraztea asmo badute, ez diezaiegun utzi.

bumldnmccaen14g.jpg_large.jpg