Geurea erabakia, abortua libre eta doakoa!

Geurea erabakia, abortua libre eta doakoa!

Gaur Espainiako Kongresuan Gallardonen abortuaren lege erreformaren proposamena onartu dute. 1985ekoaren parekoa den lege honen bidez, emakumeoi gure gorputzaren eta bizitzaren gaineko erabakia urratua zaigu. Ulergaitza da, geurea den gorputz honen gaineko erabakiak, geure bizi proiektu eta ereduen gaineko erabakiak arrotza zaigun Kongresu bateko hainbat politikariren esku izatea. Guk erabaki al dugu bada bertan daudenen ugalketa garaien eta nahien gainean? Euren bizitza organizatzeko forman? Zein dira bada eurak geure erabaki eskubidea eurena bilakatzeko? jada geure aluak eurenak bilakatu al dituzte?

Lege honek bi baldintza ezartzen dizkigu emakumeoi abortatzeko: bortxaketa bat jasan izana edo gure osasuna arriskua izatea. Bortxaketa kasuan, hamabi aste aurretik abortatu beharko da. Osasun arriskuak izateko baldintza berriz, 1985ekoa baino murriztaileagoa izango da epeei dagokionean; orain baldintza hori 22 astera arte soilik argudiatu ahal izango baita.

Malformazioen kasuan bi medikuren baietza izatera behartzen gaitu lege berriak eta kontzientzia eragozpenari atea zabalduko dio PPk. Abortua egingo duen medikuarenaz gain, beste bi sendagileren baietza ere beharko da.

18 urtetik beherako emakumeok gurasoen baimena beharko dugu abortatzeko. Eta baldintza guzti horiek betetzen ditugun emakumeok abortatu aurretik aholkularitza jaso beharko dugu.

Atzerakada itzela mugimendu feministaren urteetako borroka eta lorpenei dagokionean, atzerakada galanta eskubideen alorrean eta parekidetasunaren bidean. Erabakia dagokionari onartu eta abortu libre eta doakoaren aldeko pausuak eman beharrean, ideologia arkaiko eta ultraeskuindar katolikoetan oinarritutako legea da PPk gaur onartutakoa.

Zer espero genezake ordea, prebentzioa eta heziketa bera ere ukatzen duten horiengandik. Sexua tabu bilakatu eta emakumea erreprodukzio tresna izatera kondenatzen duten berberak dira gugatik erabakitzea legitimoa dela deritzotenak, lege matxista hau inposatu digutenak. Osasungintzan murrizketak ezarri dituzten berberak dira, non eta ginekologian besteak beste. Eta Hezkuntzan murrizketak ezartzen diuzten berberak dira, prenbentzio eta hezkuntzan inbertsioa egin beharrean beharrezkoa dugun informazio eta baliabideak ukatzen dizkigute. Zeintzun dira bada gazteontzako aukera eta ondoriak?

Etengabeko borroka da emakumeok betidanik garatu izan duguna, etengabeko guda geureak diren eskubideak onartuak izan daitezen. Sekula eten ez den eta etenik izan ezin dezakeen borrokarekin jarraitu beharra gaurkoan ere. Erabakia geurea delako, abortuak libre eta doakoa behar du izan eta horixe da datozen egunetan mugimendu feministak antolatutako mobilizazioetan aldarrikatuko duguna. Dei egiten dugu tokian toki antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Entzun dezatela Gallardon eta bere lagun fanatiko eskuindar katolikoek; geure gorputza geurea da!