#gubagoaz!

#gubagoaz!

Bihar Bilbon egin asmo zen itsasoa debekatzeko espainiar Estatuaren eta bere arma juridikoa den Audientzia Nazionalaren erabakiaren aurrean zein luzatutako deialdi berrien harira, zera adierazten dugu:

Gobernu espainiarrak egunez egun bere ekinbidearekin erakusten du herritarren gehiengoaren nahiez zabaldutako konponbiderako prozesua zapuztu eta herri hau etengabeko gerrara kondenatzea zein errepresio eta eskubide urraketa bortitzenari eustea dela bere hautua.
Hau hala, argi dago herritarron eta bertako agente politiko, sindikal eta sozialen esku dagoela Euskal Herrian konponbidea gauzagarri bilakatzea.
Preso eta iheslarien eskubideak errespetatzea oinarri oinarrizko pausua dela ulertzen dugu konponbidearen bidean. Horregatik, bai bihar baina baita aurrerantzean ere, gazteok preso eta iheslarien aldeko borrokan murgildu eta parte aktibo izateko deia luzatzen dugu. Gazteon indarra, sormena eta grina ezinbestekoak dira bahituta eta urrunean dauden lagunak dagokien lekuan, etxean eta konponbide prozesuan aktiboki parte hartzen egoteko.
Pozgarria da azken erasoen aurrean herri bezala erantzuten jakin izana eta PNVk behingoagatik dagokion arduraz jokatzeko hautua egitea. Aurrerantzean ere herri honen nahi eta beharrei erantzunez urrats sendoak emateko gonbitea luzatzen diogu eta zentzu horretan asteazkenean Ertzaintzak izandako jarrera ez errepikatzea.
Honenbestez, gaur arratsaldean eragile politiko zein sindikalek biharko Bilbon arratsaldeko 18etan “Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea” lelopean deitu duten manifestazioarekin bat egiten dugu eta gazteria osoari bertaratzeko deia luzatzen diogu.