Gure maiatzaren lehena

Gure maiatzaren lehena

Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langile borroka eta duintasunaren izarrak dira, gure Chicagoko martirrak. Martxoaren 3a gure Maiatzaren lehena da, oroimenerako eta batez ere borrokarako eguna. Hala, 1976ko martxoaren 8an elkartasunez borrokan ziharduen Vicente Anton Ferrero gazte langilea hil zuten Basaurin. Horra nazioartean adierazitako eta gogor erreprimitutako elkartasun keinu oro, bereziki Tarragonan Juan Gabriel Rodrigo erail zutenekoa.

Harrezkero, 1976an Espainiar erregimenak - Fraga, Martin Villa, Adolfo Suárez eta Adolfo Osorio buru - Gasteizen langile klasearen kontra burututako sarraskia Euskal Herri osoaren kontrako eraso gisa bizi dugu euskaldunok. Ez ziren diktadura frankistak, espainiar trantsizioak edota geroko agertoki “demokratikoak” utzi zituen azken hildakoak. Ez ziren askatasunaren eta justizia sozialaren alde borrokatzen lehenak ezta azkenak izan ere.

Martxoaren 3ko borrokaldia hilabete luzez Gasteizko hirian aldarri soziolaboralen gainean garatutako borrokaldi eta greben ondorio izanda ere, erregimen frankistak jokoan zer zegoen ondo irakurri zuen. Erregimenak diktadura frankistaren oinordetzaren oinarriak definitu behar zituen: haustura demokratikorik eman ez eta esplotazio kapitalistarako marko autonomo bat errotuz. Horretarako statu quoa zalantzan jarri zezakeen edozein langile antolakuntza txikitu eta hausturaren aldeko jarrera oro gelditzeko beldurra zabaldu behar zuen. Fragaren hitzetan: “que este triste ejemplo sirva de gran lección a todo el país los próximo meses

Ordutik ikusi bezala, sasi erreforma hark, burgesia erregionalistaz baliatuta Euskal Herriari eta bere herri langileari eskaintza bakarra egin dio: zapalkuntzarena. Langileok izenik eta oihartzunik gabeko hildakoak mahai gainean jartzen jarraitzen ditugu. Burgesia erregionalistak eta patronalak etekinak handitzen jarraitzen dute, bere errepresentazio instituzionalak ate birakarietan dabiltzan bitartean. Langile klasearen kontrako erasoaldiek bizi baldintzak estutzen jarraitzen dute; erreforma laboralen, pribatizazioen, kaleratzeen eta prekarietatearen forma hartuz.

Gazte langileon bizitzetan prekarietatea nagusitu da. Langabeziak gogor kolpatuta, etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera errealik gabe, ikasketen merkantilizazio eta pribatizazioa pairatuz... Hamaika aurpegi garatu ditu gure bizitzen gaineko desjabetze bortitzak. Gure bizitzak enpresaburu espekulatiboen interesetan xahutzera bideratuta daude.

Aldaketa erradikalak ekidin nahian, orain dela 40 bat urte bezala, ziria sartu nahi digute. Kapitalismoan eta Espainiar marko autonomikoan ez dago etorkizunik langile herriarentzat. Ez dago erregimen frankistaren oinordetzaren barruan erreformak egiterik, muinean Euskal Herriaren eta langileriaren ukazioan oinarritzen delako. Gure bizitzen eta etorkizunaren jabe egiteko modu bakarra Espainiarekin haustea da, herri langilearen bizitzak zentroan kokatuko dituen prozesu independentista bat artikulatuz.

Euskal gazteriari Martxoak 3ko lekukoa hartzea dagokigu. Ez ditugu gure bizitzak lanpostu ziztrinetan degradatzen ikusi nahi. Ez dugu prekarietateak gure bizitzekin akabatzea nahi. Ez dugu gure lan-indarra ase ezinak diren kaparrak loditzera bideratu nahi. Ez dugu nahi, eta ezin dugu onartu, gure bizitzak daudelako jokoan. Gure bizitzen jabe izan behar dugulako, mundua eraldatu behar dugulako. Jarrai dezagun borrokan, oroimenetik garaipenera. Aska dezagun Euskal Herria esplotazio forma oroz. Gora Martxoaren 3a!

Jo ta ke Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoa lortu arte!