#HassannaLibre #SaharaLibre

#HassannaLibre #SaharaLibre

Hassanna Aalia 26 urteko ekintzaile sahararrari asilo politikoa ukatu dio Estatu espainiarrak eta 15 eguneko epean Estatutik ateratzeko obligazioa ezarri dio. Ernai gazte antolakundeak Hassannari eta bere inguruari elkartasun eta babes osoa erakusteaz gain, egoera tamalgarri hau salatu eta Estatu espainiarrari Sahararekin duen ardura politiko historikoa betetzeko exijitzen diogu.

Egin dezagun denboran atzera eta gogora ekar dezagun 2010eko urriaren 10eko Gdeim Izik-eko Duintasunaren Kanpamendua. 20.000 sahararretik gora batu ziren El Aaiun kanpoaldean sahararren aldarrikapen sozial eta politikoak aldarrikatzeko. Gertakari hau “udaberri arabiar” gisa ezagutu diren altxamenduen pizgarria izan zen. Hilabetez lehenengo aldiz lurralde okupatuetan askatasunean bizi ostean, Marokoko Gobernuak kanpaldia inguratzen zuen harresia eraiki eta azaroaren 8ko gauean kanpamendua bortxaz suntsitu zuen. Errepresio izugarria bizi zuten bertan oldarraldiari eutsi zioten sahararrrek eta horren emaitza izan ziren emandako atxiloketa, epaiketa eta jazarpen kasu ezberdinak.

Hassanna, beste gazte askoren gisara, Gdeim Izik-eko gertakarien ostean jazarria izan zen. Atxilotu, torturatu eta epaitua izan ostean Hego Euskal Herrira etortzeko aukera izan zuen 2011ean. Gurean zela, Rabateko Auzitegi Militarrak sumario batean sartu zuela eta Marokok bera bilatu eta atxilotzeko agindua bidalia zuela jakin zuen. Herrira itzultzeko ezintasunaz oharturik, Hassannak Estatu espainiarrari asilo politikoa eskatzeko erabakia hartu zuen.

2013ko otsailean beste 24 kiderekin batera epaitua izan zen eta 20-30 urte bitarteko eta bizi osorako kartzela zigorrak jaso zituzten. Tartean, Hassannak bizi osorako zigorra jaso zuen epaiketan, bertan egon ez arren.

Bitartean, gazte militante konprometitua izaten jarraitzen duela behin eta berriro erakutsi du Hassannak, bere herritik at egon den bitartean vere herriak pairatzen dituen eskubide urraketak salatu eta Saharar herriaren autodeterminazioaren alde izugarrizko lana egin baitu.

Duela astebete, Espainiako Barne Ministeritzak asilo politiko eskaria ukatu dio Hassannari eta 15 eguneko epean, lurraldea uzteko behartuta, zuzenean Marokoko agintarien esku utzi eta bizi osorako kartzelara joango litzateke. Espainiak Marokorekiko duen jarrera konplizea salatu nahi dugu eta gogora ekarri Espainiak Saharako herriarekiko duen ardura historikoa. Euskal herritarrok ere ondotxo dakigu giza eskubideen gainetik interes ekonomiko eta politikoak gailentzen dituela Estatuak eta kasu lazgarri hau ere horren adibide argia da.

Argi dugu, Hassanna gaztea eta militantea izateagatik epaitua izan dela eta beste behin ere gazteon aurkako kriminalizazioa salatu beharrean gaude. Gazte konprometitu guztiok gara Hassanna eta guztiok egingo dugu bidea Hassannarekin. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen gazte errepresaliatu ororen ondoan izango gara eta eraso ororen aurrean lehen lerroan izango gara.

Datorren larunbateko manifestaziora joateko deia luzatzen diogu euskal gazteriari Hassannaren egoera gogor salatu eta Saharako herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Bilboko Arriga plazatik abiatuko da manifestazioa arratsaldeko 17.00etan.

Hassanna libre!

Asilo politikoa orain!

Sahara askatu!