Herria mugarri, gazteok martxan!

Herria mugarri, gazteok martxan!

Herria mugarri gazteok martxan!

Apirilaren 3-4-5 Lekunberritik Berriozarrera

Gaurko agerraldia aurtengo udaberriko oporretan Aitzina eta Ernai, bidasoaren bi aldetako gazte antolakundeok, antolatzen gabiltzan ekimena aurkeztu dugu. Apirilaren 3tik 5era gazteok martxari ekingo diogu mendian barrena. Lekunberrin hasi eta Berriozarrera, tarten Irurtzungo herrian geldialdia eginez, bi egun hauetan elkar ezagutu, elkar harremandu eta elkarrekin eztabaidatu eta gozatzeko parada izango dugu. Euskal Herriko txoko guztietako gazteok batuko gara martxan, herria mugarri dugula, gure oraina pausuz pausu eta ezker norantzan gaurdanik eraikitzeko. Gure erabaki propioak hartu eta gure nahiak egi bihurtutzeko.

Gazte Martxa ibilbidea eta egitaraua

Gazte Martxa Lekunberrin abiatuko da apirilaren 3an (ostirala). Harrera ekitaldiarekin hasi eta Irurtzun bidean ekingo diogu, tartean guztiok batera bazkaltzeko parada eginez. Irurtzunera iristean gure kanping dendak muntatu eta egitarauari hasiera emango diogu:

  • Nazioarteko delegaritzarekin (Estatu espainiarreko eta frantseseko herri zapalduetako gazte delegaritza) independentziaren inguruko mahaingurua.
  • Euskal Herriko prozesu eratzailearen inguruko hitzaldia.
  • Xamurtasun tailerra
  • Uluka aiaraldeako taldearen kontzertua
  • Bertso Olinpiadak Markinatik
  • Gazte taldeen kontzertu maratoia (honen azalpen zehatzagoa “aurtengo berezitasunak” atalean).

Goizea Irurtzunen gosaldu eta Berriozarrerantz abiatuko gara. Bidean berriro ere batera bazkalduko dugu. Arratsaldean iritsiko gara Berriozarrera, bertan gure kanping dendak muntatu eta aisirako tartea izango dugu kale animazioa lagun. 19:30etan Ekitaldi Nagusian batuko gara guztiok, jarraian jaialdiari hasiera emanez. Gure zentzumenak astintzeko besteak beste Oliba Gorriak, Skakeitan eta Raperos de emaus & zerokomaband taldean izango ditugu eskenatoki gainean. Ez dira bertara igoko diren bakarrak izango!

Martxaren osotasunean parte hartu ezin dutenentzat azken egunerako sarrerak salgai jarriko dira, Ekitaldi Nagusia, kontzertuak eta lotarako aukera barne biltzen dutenak.

Azkenik, Berriozarren batzen garen guztion kalejiran Aberri Eguneko manifestaziora batuko gara.

Aurtengo berezitasunak

1) Gazte Oihua, gazte taldeen kontzertu maratoia

  • Irurtzunen igaroko dugun gaua animatzeko, gazte taldeen kontzertu maratoia antolatzen gabiltza, baina horretarako gazteon parte hartzea behar dugu. Izan ere, gazteez osatutako sei talde batu nahi ditugu Irurtzunen taula gainean euren musika proiektuak aurkezteko. Gazte Oihua izendatu dugun atal bat ireki dugu web orrialdean gaztez osatutako musika taldeek euren abestiak igotzeko aukera izan dezaten eta gainontzekook gure gustukoena den taldea bozkatu ahal izateko. Abestiak aurkezteko aukera martxoaren 4erarte luzatuko da eta bozken emaitzak martxoa erdialdean emango dira ezagutzera (sei taldek soilik parte hartzeko aukera izatean, aukeraketa bat egitera behartuak gaude eta hori dela eta bozketa prozesua irekitzea erabaki dugu).

2) Abestia

  • Aurtengo ekimenak abesti propioa izango du. Martxoaren hasieran egingo dugu publiko. Abestia musikagintzan dabiltzan hainbat neska gazte osatzen dabiltzan eta Gazte Martxan zuzenean entzuteko aukera izango dugu.

Gazte Martxaren informazioa

Martxari dagokion informazio guztia www.gazteokmartxan.info web orrialdean izango duzue eskuragarri. Egitaraua, ibilbidearen nondik norakoak, sarreren salmenta, bitartekoak eta baita Martxan parte hartzeko ohar guztiak.