Herrikoak Libre!

Herrikoak Libre!

Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 auziko epaia atera berri du;  107 Herriko Taberna konfiskatu eta urtebete eta 10 hilabeteko kartzela zigorra Joseba Alvarez, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasorori. Epaiketa 2013an abiatu zen eta 2014ko uztailean eman zuen Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia. Bertan 103 herriko taberna konfiskatzea erabaki zuen, "ETAren egitura" finantzatzeagatik.

Herri eta auzoetako taberna bat izatetik haratago, herritarron bilgune dira Herriko Tabernak. Urteetan lan militanteaz aurrera atera diren guneak dira, auzolanean konponduak edota turnoak eginez zerbitzatuak. Albiste onen ongi etorri edota garai gogorren arnasgune. Adin guztietako jendearen topaleku, borrokarako espazio. Ez dira taberna soilak, urteetan zehar gure herriaren borroka luzearen testigu mutuak dira.

107 Herriko Tabernekin batera hogei euskal herritar espetxeratzeko erabakia ere hartu dute lege faxistetan oinarritutako justizia gizonek. Urteetan beste milaka lagun bezala, gure herriaren alde lanean ibili diren herritarrak dira, biharko Euskal Herri aske, gorri eta morea lortzeko konpromezua aspaldi hartu zutenak.

Herriko Tabernak itxi nahi dituzte eta gure lagunak espetxeratu. Eraso hau ordea, ez da beraien aurkako erasoa soilik. Hamaika alditan esan badugu ere gaurkoa Euskal Herriaren kontrako enegarren erasoa da, urteetan egindako lanaren aurkakoa, milaka herritarrek eraikitakoaren aurkakoa.

Ilusioz eta indarrez eraikitakoa, ilusio eta indar berdinarekin defendatuko dugu. Etor dadila polizia legea eskutan, baina argi izan dezatela herritarrak aurkituko dituztela parez pare herri eta auzoetako Herriko Tabernak defendatzen. Dei egiten diogu euskal herritar orori burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Euskal Herria kalera!