I28 #XakeErregeari, elkartasuna gaztelako herriarekin

I28 #XakeErregeari, elkartasuna gaztelako herriarekin

Espainia hausten ari da! munstro genozida eta herrien hiltzailea da Espainia, Erregeek, nobleek eta aristokratek, burges diruzaleek, militar eta klerigoek milaka aldiz errepikatutako gezur handia, euren klase interesak defendatu eta salbu mantentzeko gezurra. Amaitu da baina, beldurra betikotu eta herriak eta bertako langileak zapaltzen jarraitzea. Aski da!

Espainia zatiezina dela aitzakitzat hartuta, Estatuak sistematikoki ezeztatu du herritarron identitatea azaleratzeko edozein saiakera eta Espainia bakar eta handiaren eredua ezarri digu. Mendeetan zehar eskuz eta karetaz aldatzen joan da: austriarretatik borboietara, kontserbadoreetatik liberaletara, errepublikarretatik faxistetara, popularretatik ““sozialistetara””. Praktikan, ordea, zentralismo nazionalista espainiar eta arrazistaren bermatzaile, eta langile klasearen kontrako politika liberalen jarraipena besterik ez da izan. Eraldaketa sozial eta ekonomikoaren aurrean Espainia deituriko proiektu nazionalaren kontzeptuak eta oinarriek ez dute inolako zentzurik.

Hala ere, asko dira oraindik ere Esapainia batu eta aurrerakoi batekin tematuta daudenak. Diktadurarekin alderatuta balizko hobekuntza sozial bat dagoela eta Estatu espainolean trantsizio prozesuak demokrazia eta askatasuna bermatu zuela aldarrikatzen dutenak. Gazteok hori gezurra dela diogu! Ez dugu trantsizio faltsu horretan sinesten, ezta gaizki deituriko akordio demokratikoetan ere. Ez dugu armadak eta kamisa urdinek hurbiletik zaindutako kontsentsuetan sinesten, ez eta beste behin ere langile klaseari bizkarra eman eta saldua izan den ezker itunzaleak makilatutako kontsentuetan ere.

Argi dugu trantsizioa zerrenda luze baten baitako fartsa bat izan zela eta bada garaia zapalkuntzaz, gezurrez, errepresioaz eta beldurraz lortutako bake sozial honi amaiera emateko. Herrion eta bertako langileon askatasuna eskuratzeko garaia da! Krisi hau ez da krisi ekonomiko hutsa. Kapitalismoa zaharkitua geratu da baina geure lurretan ezartzen dituzten eta sistema elikatzen duten instituzioei ere epea amaitu zaie. Estatuaren batasuna eta erregimenaren jarraipena bermatzen dute erregeak eta bere parasitoz osatutako familiak, eskaintza onena egiten dionari saldutako politikari ustelak, euren aberastasuna loditzean soilik pentsatzen duten bankari eta enpresariek, zeinak sindikatu horien laguntzaz langileon traizioak negoziatzen dituzte. Sistemak, beste behin ere, huts egin du. Orain, herrion garaia da, botere alternatibak sortzen hasteko unea. Gure txanda iritsi da. Langileon eskuetan eta ez gure kontura aberastuko direnen eskuetan da mundu berri bat eraikitzeko boterea, sozialki justuagoa eta esplotazio zein inolako diskriminaziorik gabea. Herritik herriarentzako boterea.

Eta batera egingo dugu! Geure herriak zapaltzen dituen estatua berbera da eta geure indarren batasuna izango da indar zapaltzaile eta ustel hau suntsituko duen bakarra. Bakoitzak bere alderantz tiratu behar du eta horrela belar gaiztoa errotik atera eta herriok bakoitzak bere erralitateari erantzun. Baina elkarrekin errealitatetik eta geure beharren arabera eraikiko dugu geure herria. Desegite prozesua elkarrekin egingo dugu baina herri boterearen eraikuntzak asko izango dira, herri bakoitzeko langile klaseak eraikiko duena, alegia.

Horregatik, Estatu espainoleko nazio zapalduetako gazte iraultzaileok gaztelako herriari gure elkartasuna adierazi nahi diogu, bereziki YESCAko burkideei, eta irailaren 28an ospatuko den #ErregeariXake #Jaquealrey mobilizazioa babesten dugu, ezarritako boterearen kontrako borrokan, herrion autodeterminazioaren aldeko eta langileon askatasunaren aldarrian bultzada izango delakoan.

Jo ta ke, elkarrekin, sistema suntsitu eta herriok geure boterea eraiki arte!

IZENPETZEN DUTE: ARRAN (Herrialde Katalanak), PURNA (Aragoi), ISCA (Galiza), JALEO (Andaluzia), ERNAI (Euskal Herria), DARRÉU (Asturias), BRIGA (Galiza) eta ADIANTE (Galiza).

jq.jpg