[IRAKURKETA] Atxilotuak askatu!

[IRAKURKETA] Atxilotuak askatu!

Pasa den larunbatean Iruñean “Errepresioari autodefentsa” lemapean egindako manifestazioan atxilotutako gazteak espetxeratu berri dituztela jakin berri dugun honetan, Ernai gazte antolakundetik Oreretako 3 gazte eta bere senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Era berean, atxilotuen berehalako askatasuna exijitzen dugu.

Euskal Herriko historian zehar, gazteok errepresioaren hamaika aurpegi ezagutu ditugu. Espainiar eta frantses estatuek diseinaturik “terrorismoaren” mamuak euskal gazteriaren historia belztu du. Gaurko kasua ere errealitatearen distortsioaren eta beldurraren jendarteratzearen beste kasu bat da.

Nazio Askapen borrokaren kontrako borrokan, kontrol soziala areagotzeko eta neurrigabeko zigorrak ezartzeko “dena ETA da, dena terrorismoa da” argudioa erabilita ezagutu ditugu ZEN plana, Y taldeak, ilegalizazioak, tortura eta espetxeak. ETAk borroka armatua amaitutzat eman duen egungo agertokian, ezker abertzaletik gaindiko herri sektoreen kontrako oldarraldia antolatzeko neurri berriak marraztu ditu, mozal legea edo kode penalaren erreforma kasu. Hamaika izan dira dagoeneko neurri berri hauen mehatxu eta aplikaziopean isilarazi nahi izan dituzten ahotsak. Errepresio eredu berri hauen zorrozteak, ordea, ez ditu albo batera utzi formula zaharrak. Euskal Herrian salbuespen egoera mantentzen da. Horren adibide argia da oraindik espetxean diren Altsasuko 3 gazteek zein epaiketaren zain dauden beste kideek jasan duten muntaia polizial, mediatiko, politiko eta juridikoa.

Gaurkoak, bidenabar, ederki erakusten du errepresioaren funtsa. Statu quoa mantentzeko bitartekoa da errepresioa, zuzenean edo zeharka berau zalantzan jartzen duten dinamikak oztopatzea eragiten duena. Horregatik, hain zuzen ere, Estatuak errepresioaren zurrunbiloan sarturik nahi gaitu eta gure dinamika politikoa baldintzatzera heltzen da. Horregatik, errepresioaren kontrako herri harresiak osatzea bezain garrantzitsua da gure erroko zapalkuntzak gainditzera bideratutako borroketan arreta jartzea. Gure ustez, Euskal Herri independiente, sozialista, feminista eta euskalduna da zapalkuntza hauei erantzuteko proiektu politikoa. Horregatik, hain zuzen ere, Espainiar eta Frantziar estatuekin haustea eta Euskal Herri sozialista eta feminista gaurko egunetik eraikitzearen apustua egiten dugu. Proiektu politiko askatzaile hau gorpuzteko herri dinamikek hartu behar dute indarra.

Horregatik, hain zuzen ere, Errepresioari autodefentsa dinamikaren analisiarekin bat ez gatozen arren, ezinbestekoa da tamaina honetako basakeria errepresiboak salatzea.

Dei egiten dugu gaur Oreretako gazte mugimenduak deitutako kontzentrazioan parte hartzera eta atxilotuen berehalako askatasuna exijitzea.