Iraultzaren bidean, Gazteok Martxan!

Iraultzaren bidean, Gazteok Martxan!

1976ko martxoaren 3an, urteetako langile borrokaren ondorioz, greba orokor arrakastatsua eman zen Gasteizko hirian. Aurpegia zuritzen ziharduen erregimen frankistaren erantzuna 5 langile akatu eta ehundaka zauritu eragitea izan zen.

Harrez geroztik, 76ko langileek plazaratutako aldarrikapenak ez dira asetu, ezta herri honen justizia egarria ere. 76ko burgesia berak langileon kontura kapitala metatzen jarraitu izan du, erreformaz erreforma eredu kapitalista basatia inposatuz. Gazteontzako baina, duintasunaren eredu bilakatu izan da egun hartan patronal eta erregimen ustelaren aurrean matxinatutako herria.

Borrokarako irrintziari helduz 76an piztutako sugarra biziarazi eta patronal eta erregimen ustelaren aurrean herri matxinada hauspotu dugu egunez egun. Iraultza antolatzen lehen lerroan egon gara gazteok, lan baldintza prekarioenei aurre eginez eta herri zein klase bezala dagozkigun eskubideak defendatuz.

Zigor kodearen erreformaren eta Hiritarron segurtasunerako legearen bidez legedi errepresiboa zorroztu behar duten honetan, gazteoi borrokaren lekukoari eustea eta erreforma prekarizatzaileei aurrea hartu behar diegu. Euskal Herri Langilearen autoantolakuntza eta erabaki marko propioa osatzeko borrokak marraztua du askatasunerako bideorria. Herri sektoreen aldarriak batuz, Gutun Soziala euskarri, biharko Euskal Herri gorria gaurdanik eraikitzen hasi behar gara.

Orain dela 39 urte lehen lerroan egon ginen bezala, gaurkoan ere lehen lerroan egongo gara. Borrokaren sugarrak gure baitan jarraitzen duen bitartean, gure memoria ez da inoiz hilko.

Egunero da Martxoaren 3a!
Iraultzaren bidean, Gazteok Martxan!