Matxirulo, kale bazterrean aurkituko gaituzu!

Matxirulo, kale bazterrean aurkituko gaituzu!

Emakumeok kale bazterrean gaude. Kale bazterrean nahi gaituzte. Ilunean, geldirik, isilik. Ama ona izan behar gara, emazte zintzoa, beti irribarretsu eta gizonari bazkari goxoa sukaldatzeko prest. Txortan gizonak nahi duenean eta nahi duen bezala.

Indarkeria matxistak baditu milaka aurpegi. Egin behar duguna, pentsatu behar duguna eta izan behar garena txiki-txikitatik inposatzen digutenak. Aurpegi horietako bakoitzak eraso bat dauka atzean. Erasotzaile bakoitzak emakume bat. Eraso batzuk beste batzuk baino ikusgarriagoak dira, ez horregatik garrantzia txikiagokoak, eta zoritxarrez, guztiak zaizkigu eguneroko ogi emakumeoi.

Indarkeria matxistaren oinarrian dagoena genero desoreka da, zeinetan gizona esparru guztietan nagusi den, eta asimetria horren arabera antolatzen da guztion bizitza. Bakoitzari bere rola inposatzen digute sistemaren motorra ez dadin sekula gelditu.

Sistema kapitalista patriarkalak beharrezkoa du emakumeok menpean hartzea eta horretarako baliatzen du indarkeria. Izan daiteke begirada bat, irainak, gorputz eredu bakarra, ezetzaren gainetik inposatzen den baietza, kolpeak, oihuak, gutxiespenak... guztiek txikitzen gaituzte baina hiltzen gaituztenean ere ez da mundua geratzen. Zerrenda beltzean beste izen bat gehiago. Zoritxarrez, gaitzezpen zabalaren atzean erroko aldketarik ez.

Neska gazteok zapalkuntza horren jopuntuan gaude modu batean edo bestean. Hala ere, etsipenetik urrun, erralitate beltz horrekin apurtzen dugu eta deuseztera goaz. Jendarte feminista baten aldeko hautua egiten dugu, emakume gisa aske bizi ahal izateko. Neska gazteok ere geure buruen jabe izan nahi dugu, eta menpean hartu nahi gaituen horrek parez pare topatuko gaitu, izan kalearen bazterrean edota kalearen erdi-erdian. Geure buruak defendatzen eta emakume gisa ahalduntzen jarraituko dugu autodefentsa feministaren bidez.

Azaroaren 25a indakeria matxistaren kontra mobilizatzeko eguna izanik, emakumeon kontrako eraso guztiak salatu eta autodefentsaren aldarrikapena egin nahi dugu neska gazteok. Kale batzerrean gaude baina ez gara isilik eta geldirik geldituko. Eraso bakoitzaren aurrean autodefentsa feministaz erantzungo dugu. Gora borroka feminista!