Newroz'15 Biji Kurdistan!

Newroz'15 Biji Kurdistan!

Egun garrantzitsua gaurkoa herri kurduarentzat. Han bizi direnentzat zein Europan eta mundu osoan zehar dauden milaka errefuxiatuentzat; Newroz eguna beti izaten da ospakizunerako zita. 2013ko Newrozak ordea, aldaketa nabarmena ekarri zuen Kurdistango panorama politikoan: Abdullah Öçcalan PKKko (Kurdistango Langileen Alderdia) liderrak konponbide prozesua eskenatoki berri batera eraman baitzuen PKKri sua etetea eskatzean. Apirila amaieran Qandil mendietara atzera egin zuten gerrillariek bake prozesuak bere bidea egin zezan, gerrarako zein bakerako prest zeudela aditzera emanez. Urte horretako irailean, baina, Siriako gatazka zela eta, berriz ekin zioten borroka armatuari euren neba arrebak diren Rojavako herritarrak babestu asmoz.

Siriako gatazka bera baliatu zuten YPG eta YPJko gerrilariek Rojavako eremuan iraultza demokratikoa garatzeko. Gudaren erdian, euren eredu propioa aurrera eramateko gai izan dira eta besteak beste, Estatu Islamiarrari aurre egiteko gaitasun itzela erakutsi dute. Testuinguru honetan, ezinbestekoa dugu Kobanêko garaipena gogora ekartzea (2015eko otsaila). Inperialismoaren interesak mahaigaineratzen dituen gatazka da Siriakoa eta kurduek egoera honen aurrean euren burua oso ongi kokatzen jakin dute. Inperioak finantzatu eta armatutako ISISak buruhauste nabarmenak eragin arren, YPG eta YPJko gerrilariek arerioei aurre egin eta galdutako eremuak berreskuratzen ari dira gutxika gutxika. Borrokarekin helburuak lortzea posible dela argi erakutsi dute gure lagun kurduek baita borrokan tinko segitzeko asmo irmoa adierazi ere.

2015eko Newroz eguna, beraz, berezia, historikoa, baldintzatzailea dela esan daiteke. Lehen aipatutako garaipenek (Kobanêkoa eta Rojavakoa) esperantza izpiak ekarri dizkie Kurdistango herritarrei eta Ekialde Hurbileko herri zapalduetan bake iraunkor baterako aukerak zabaldu dituzte elkarrizketa prozesuak aurrera jarraitzen duen honetan.

Emakumeon iraultza herrion iraultza dela baieztatzea ez da ordea adierazpen soil bat. Kurdistango eta bereziki YPJko emakumeek argi erakutsi dute emakumerik gabeko iraultza ez dela iraultza izango eta emakumeon papera ezinbestekoa dela sugegorriz beteriko ohian honetan aurrera egiteko.

Kurdistango iraultza gainera, euskal iraultza da; mundu osoan altxatzen garen herri guztion borroka da. Kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurrean, inperialismoaren aurrean, altxatzen garen herri guztiok bat eginik, garaipenak guztionak dira.

Emakumeon borroka, herrion iraultza! Gora Rojava!