[oharra]#AbokatuakLibre

[oharra]#AbokatuakLibre

Gaur goizean Guardia Zibilak 16 euskal herritar atxilotu ditu “Mate” izeneko polizia operazioan. Honela duela urtebete presoen eskubideen alde lan egiten duten abokatuak atxilotzean hasitako “Xake” izeneko operazioa amaitutzat eman dute. Atxilotuen artean gaur hasi behar zen 35 euskal herritarren aurkako epaiketa politikoko abokatuak daude.

Igaro berri den larunbatean Bilboko kaleetan milaka herritarrek mendekuan oinarritutako espetxe politika amaitzeko eta konponbidearen baitan urratsak emateko agertutako nahiaren aurrean, errepresioa da, beste behin ere, Estatu espainiarraren erantzuna. Mendekuzko erantzuna ere, presoen kolektiboa ematen ari den urratsen aurrean.

Argi dugu, iruzur fiskalaren aitzakia erabili arren, gaurkoak atxiloketa politikoak direla, euskal jendartearen nahien aurrean entzungo den Estatu baten jarrera inmobilista eta faxistaren erakusle. Konponbideari ateak itxi eta galtzaile eta garaileen logika elikatzeko urrats berri bat, halaxe erakusten du iaz hasitako operazio honi ezarritako izenak berak; “Xake-Mate”.

Gainontzeko herrientzako “askatasuna” eta “eskubideen” defentsa sutsua egiten duen bitartean, espainiar “demokraten” aurpegi ilunena agerikoa da beste behin ere euskal herritarrontzat; Konponbidearen aldeko konpromisoaren ordez, atxiloketa eta miaketa polizialak. Gaurko sarekadak argi erakutsi du Parisen mundu mailako boteredunen ondoan Rajoyk ateratako argazkia hipokresiaren adibide erraldoi bat dela.
Polizia operazioa gogor salatu nahi dugu eta gazteriari mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu. Atxiloketen aurrean herri gisa erantzun dezagun, larunbatean egin bezala. Abokatuak Libre!