Pakito Arriaran

Pakito Arriaran

PAKITO ARRIARAN ARREGI (1984-9-30/2014-9-30)

Gaur 30 urte bete dira Pakito Arriaran ETAko militante internazionalista El Salvadorreko gerran erail zutela.
Arrasaten jaio zen familia abertzale ezagun batean; gurasoak Kristina Arregi eta Pako Arriaran zituen. Pilotari profesionalen familia zen Arriaran sendia.

1973an Zuzenbide ikasketak hasi zituen Arriaranek Donostian nahiz eta honen amaren hitzetan “oso seriotan ez hartu ikasketen kontua”, ordurako erakunde armatuan zegoenaren susmoa baitzuen. 1975eko apirilaren 27an Arrasaten atxilotu zuten ETAko kide izateagatik eta ondorioz, Basaurin kartzelaratu. Kartzela hura gaztez bete zuten eta atxilotuetako batzuk Madrilgo Carabanchelgo kartzeletara sartu zituzten, euren artean, Pakito. 1977ko Espainiako Amnistia Legearen ondorioz askatu zuten, baina 1978ko azaroan berriro atxilotu nahi izan zuten. Arriaranek polizia saihestu eta Iparraldera ihes egitea lortu zuen. Urtebete geroago, Venezuelara joan zen eta han erbesteratu talde batekin kooperatiba bat sortu zuen. Euskal Erbesteratuak Laguntzeko Komitean parte hartu zuen; bertan BVEk hil zituen Espe Arana eta Jokin Etxebarria ezagutzeko aukera izan zuen.
Euskal Herrira itzuli eta etxean denbora laburra pasatu eta gero El Salvadorreko gerrillara joateko hautua egin zuen. Aitaren hitzetan, “Pakitok ez zituen egoera bidegabeak onartzen; sufritu egiten zituen. Klase ezberdintasuna jasanezina egiten zitzaion eta horrexegatik hain zuzen hartu zuen erabaki hura”. Familia eta sorterria atzean utzi eta Ertamerikara joan zen FMLNko lerroetara batzeko asmoz. 1982ko maiatzean Nikaraguara heldu eta irailean El Salvadorrera jo zuen. Chalatenango aldeko mendietan egon zen eta FMLNren logistika arloan egin zuen lan. FMLNren urriko erasoaldi orokorraren barruko borrokaldi batean -parte hartzen zuen lehenean- zangoan zauritu zuten; zauria oso larria ez bazen ere, armadarengandik ihes egin behar izan zutenez behar bezala zaindu ez, zangoa infektatu eta moztu egin behar izan zioten. Pakitoren izaera positiboaren adibide, errena izatea onartu eta gerrillaren aldeko lanean segitu zuen.

1984ko irailean armadak oldarraldi berria egin zuen; FMLNk eremutik ateratzea proposatu zion Pakitori, baina honek ez zuen onartu. Borrokarako jaioa zen eta hautua aspaldian hartua zuen. Bizirik hartuko ez zutela argi zuen eta hala, armadak bere taldea El Zapotalen topatu zuenean, bakarrik geratu zen eta borrokaldian hil zuten. Soldaduak erretiratu zirenean bere gorpua erreskatatu zuten, balaz josita eta oso hondatuta. Bertan lurperatu zuten.

Beste askok bezala, Pakitok “Iraultza ala Hil” lema, kontsigna edo lema soil bat baino askoz ere gehiago zela ulertu zuen. Bere konpromiso militantea muturrera eraman zuen Pakitok, bizi osoa Euskal Herria ez ezik, mundu hobe baten alde arituz.
Familiari idatzitako azken gutunean halaxe agertu zuen “egun batean munduaren parte izatea zer den ohartu nintzen, zer den euskaldun izatea, zer den borrokalaria izatea, hemengoa izateak zer esan nahi duen, zer den bi herri maitatzeko izatea, mundu bat zeinagatik borrokatu” (Un día de éstos me di cuenta de lo que es pertenecer al mundo, de lo que es ser vasco, de lo que es ser luchador, lo que significa ser de aquí, lo que es tener dos pueblos para amar, un mundo por el que luchar)

Hala, Pakitoren konpromiso militanteak atlantikoa gurutzatzera eraman bazuen ere, Euskal Herriari ekarpen gisa ulertu zuen El Salvadorren emandako denbora. Militantzia ez baita etxean ahazten, gurekin daramagun altxor preziatua baita, gure izatearen parte.