Patronala hiltzailea!

Patronala hiltzailea!

Gaur Ondarroan (Bizkaia)2 langile hil eta hirugarren bat zauritu da portuan egondako leherketa baten ondorioz. 14 langile dira jada azken 3 hilabetetan eraildakoak. Eraildakoak diogu, gaurko gertakariak arrazoi eta erantzule politikoak baititu.

Gaur hildako langileak, Gasteizen hil zituztenak ere badira. Langile eta patronalaren arteko gatazka, zapaldu eta zapaltzailearen arteko guda da. Esplotatu eta prekarietatean lan egitera behartzen gaitu patronalak. Gure lan indarraren kontura aberasten jarraitzen dute eta gaurko egun hauetan bezala inoiz baino latzago da errealitatea.

Non daude arduradun politiko eta ekonomikoen adierazpenak? Zer egingo dute hau berriro gertatu ez dadin? Ez da nahikoa Ondarroako portura hurbiltzea, gero enpresa buruetako gorbatadunekin foroetan gosaltzen duzuen bitartean. Ez ditugu zuen doluminak nahi, Troikako mafiosoei aurreskuak egiten diezuen bitartean.

Prekarietateak hiltzen gaitu, eta gaur argi ikusi da ez dela lelo soil bat, errealitate gordina baizik. Lau txanponen truke lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartzen gaituzte, eta honek istripuak gertatzeko aukerak handitu egiten ditu. Miseriara kondenatzen gaituzte, gaur egun lana izatea “luxu” bat dela salduaz. Jan ezazu edo bestela gosez hil, zuk aukeratu.

Eskubide zapalketen aurrean eta gaurko gertakarien aurrean kaleak hartzeko deia luzatzen dugu. Elkartasun eta borrokaz, lanbide heziketako gazteok, gazte langileok, ikasleok, langabetuok... prekarietatera kondenatuak gaudenok zutitu eta erantzun beharra dugu. Zapaltzen gaituen patronal hiltzaileari hortzak erakutsiz, denon borrokaz lan baldintza duinak eskuratzeko.

Egunotan lan istripua salatzeko mobilizazioetan parte har dezagun, baita ikasleok ostegunean dugun mobilizazio egunean ere. Gazteok ez gaude prest prekarietatean lan egin eta lanean hiltzera kondenatzen gaituztenen aurrean isilik geratzeko. Denok kalera!