Presoen urrats berriaren harira

Presoen urrats berriaren harira

EPPKak abenduaren 28an adierazitako urrats historikoarekin konponbide prozesuari bultzada eman eta Euskal Herritarrekiko duen konpromisoa berretsi zuen. Honi eta herritarrok egunero egiten dugun lanari esker Urtarrilaren 11ko manifestazioa Euskal Herrian inoiz egin den handienetakoa izan zen. Espainiako Estatuak argi erakutsi du ez zaiola bakea interesatzen, eta ez duela konponbidearen norabidean urratsik emateko inongo asmorik. Hortaz, Euskal Herritarron esku dago indarrak bildu eta konponbidearen alde urratsak emateko.

Norabide horretan, Euskal Preso Politikoak astelehenean hasi ziren abenduko adierazpenean agindutakoa bete eta irtenbide legalak baliatuz, irteera indibidualizatuei eta mailakatuei ateak irekiz, sakabanaketa amaitu eta Euskal Herriratzeko eskariak egiten. Lehen urrats gisa gaixo diren eta 70 urtetik gorakoak diren presoek Euskal Herriratu eta askatzeko eskaria egin dute.

Urrats esanguratsua eta txalogarria dela uste du Ernaik. Estatuek erakutsi duten inboluzio jarreraren aurrean euren konpromisoan berretsi eta konponbide prozesuan azkenera arte joateko duten borondate irmoa erakusten baitu. Baina presoen urratsak eraginkorrak izan daitezen, gazteon parte hartzea eta inplikazioa ere ezinbestekoa da. Hori dela eta, preso eta iheslari guztiak etxean aske izan artean lanean jarraitzeko konpromisoan berresten gara, kartzeletako borrokak kalera ekarriz, eta EPPKren eskariak geure eginez. Gu denon eskuetan dago urrats hauek jendarteratu eta herri aktibaziorako baliatzea.