Saharar herriarekin elkartasuna

Saharar herriarekin elkartasuna

Pasa den astean, Hassanna Elwali preso politiko gaztearen erailketaren berri izan genuen. Marokoko estatu zapaltzaileak herri sahararraren aurka erabiltzen duen politika ankerraren azken adibide lazgarria dugu honako hau. Hilabete gutxira zen irtetekoa espetxetik Elwali baina Marokoko ziegetako baldintza penagarriak eta gobernuaren axolagabekeriek askatasuna behin betiko lapurtu zioten.

Marokoren menpe dauden lurralde okupatuetako sahararrek, euren egunerokotasunean giza eskubideen urraketa izugarriak pairatu behar izaten dituzte: adierazpen askatasun eza, atxiloketak, desagerpenak, jazarpen poliziala, jipoiak... Bidegabekeria hauen aurrean, baina, sahararrek duintasunez egiten diote aurre etsaiari, egunez egun, euren askatasun egarria asetuko duen borroka eredugarria aurrera eramanez: emakumeak, gizonak, gazteak, haurrak...

Besteak beste, blokeo mediatikoari aurre egiteko ezinbestekoa dute ordea gainontzeko herriok babes internazionalista argi adieraztea. Horretarako, brigadak tresna erabilgarri zein eraginkorrak dira eta lurralde okupatuetara joateko aukera eskaini digu azken urteotan Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak. Tamalez, tresna honen garrantziaz ere ohartu da etsaia. Hala, lan txukuna egiten ari garenaren seinale, Marokoko gobernuak kanporaketen politika erabiltzeari ekin dio. Aurten, Askapenak antolatutako 3 brigadak kanporatuak izan dira eta orotara dozenatik gora dira Marokok kanporatutako euskal herritarrak.

Hala ere, elkartasunak ez du etenik. Herrion arteko samurtasuna kriminalizatu nahi badute ere, ez dute lortuko, oztopoen gainetik elkartasun internazionalista lantzen jarraituko baitugu. Datorren ostegunean, urriaren 9an, aukera paregabea dugu Bilbon Mendebaldeko Sahararen alde gauden guztiok eta euren eskubideak errespetatu daitezela ozen oihukatzeko. Marokoko kontsulatuaren aurrean elkarretaratzea egingo da Estatu okupatzailearen jarrera oldarkor eta zapaltzailea salatu asmoz. Segidan, Gobernu Ordezkaritzaraino giza katea osatuko litzateke Estatu espainolak saharar herriaren zapalkuntzan izandako jarrera tamalgarria eta erantzunkizun politikoa salatzeko.

Amaitzeko, Bilbon 10.30etatik aurrera egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu gazteriari. Erasoen aurrean erantzun sendo bat ematea ezinbestekoa dugulako, jar dezagun praktikan elkartasun internazionalista.

GORA SAHARA ASKATUTA!

SAHARA HURRA!