Tortura, justizia ustelaren oinarri

Tortura, justizia ustelaren oinarri

Joxe Arregi polizia espainiarraren eskuetan hil zela 34 urte igaro badira ere, historiaren ahanzturan geratu ezin den itzala dauka torturak Euskal Herrian. Hamarkadaz hamarkada ehunka herritarrek jasan dute indar polizialen eskuetan tortura.

Ehunka herritar izan dira epaituak torturapean ateratako autoinkulpazio edota osatutako zerrenda beltzengatik. Torrtura sistematikoki erabilia izan da interes politikoen mesedetara; poliziak egin, epaileek babestu eta politiko edo komunikabide sasi-demokratek isildu.

Egun ere inkomunikazioak bere horretan dihardu eta beraz, torturatua izateko arriskuak, atzo bezala, erreala izaten jarraitzen du. Ez dago poliziaren eskuetan tratu txarrik ez sufritzeko bermerik. 120 orduz ziega ilunean sarturik egoteko aukerak bere horretan dihardu eta inkomunikazioarekin bukatzea ez dago Madrilgo agintarien lehentasunen artean.

Torturatzeko hamaika errezeta erabili izan ditu poliziak. Baita PNV eta PSEren agindupean inpunitatea osoz lan egin duen Ertzaintzak ere. Fisiko nahiz psikologiko, espainiar justizia ustelaren oinarria izan da eta da zoritxarrez egun ere. Argi geratu da 40 gazte independentisten aurkako epaiketaren absoluzioaren ostean. Autoinkulpazioetan oinarritzen ziren frogak bertan behera geratu ostean epaiketa politikoa goitik behera biluztu zen. Aurrerantzean ere ordea torturapean jasotako inkulpazio frogek baino sustengatzen ez dtuzten hamaika epaiketa politiko daude; Amaitu berri den 28 gazteen aurkako epaiketa besteak beste.

Argi izan behar dugu bada, tortura ez dela iraganean kolpatu gaituen eta jada desagertu den mamua; Tortura justizia ustelaren oinarria da, egun ere indarrean den tresna errepresiboa. Izan komisaldegietan, inkomunikazio aldian, beldurra eragiteko edota herritarrak epaitu eta kondenatzeko froga moduan tortura espainiar Estatuaren tresna errepresibo indartsuenetakoa da eta ez du berehalakoan askatuko. Errepresio bortitzean oinarritzen den justizia ustel honekin amaittzeko garaia da. Herria baino ez da torturaren erabileraren desagerpenaren berme izango. Inpunitatearekin apurtu behar dugu, epaile konplizeen kaxoietan gordeta dauden salaketak argitara eman eta arduradun politiko, judizial eta polizialak akusatuen aulkia eserarazteko unea da.

#STOPTortura