#TorturarikEZ!!!

#TorturarikEZ!!!

Azpian ikusiko duzun hau Torturaren kontrako eguna dela eta egindako ekimenaren bideo muntaia da. Donostiako La Cumbre polizia etxean burutu dugun ekimen honekin 1984an Lasa eta Zabalarekin gertatutakoa salatu dugu. Bi militante independentistak atxilotuak, torturatuak eta azkenik, erailak izan ziren. Orduko hartan gertatutakoa salatzeko, La Cumbre parean bi gorputz karez estali ditugu torturaren kontrako aldarriak kaleratuz.

#TorturarikEz irakurketa:

Gaur, 33 urte betetzen dira Joxe Agirre zizurkildarra torturapean erail zutenetik. 30 urte dira ere, Guardia Zibilak Lasa eta Zabala erail eta kare biziz lurperatu zituztenetik. Hamarkadak igaro dira baina Euskal Herrian oraindik milaka tortura kasu daude argitzeke. Ehundaka ere etxetik urrun joan behar izan direnak torturaren mamutik ihesi eta inkomunikatzeko aukerak indarrean jarraitu bitartean oraindik itzuli ezinik daudenak.

Tortura psikologiko zein fisikoak eguneroko ogi izan dira urte luzeetan zehar euskal herritarrontzat. Eta hori salatu asmoz ekimena egin dugu Donostiako La Cumbre polizia etxean, hain zuzen, Lasa eta zabala torturatu eta erail zituzten toki berean.

Tortura, Espainiar Estatuak istorikoki erabili duen tresna da eraldaketaren aldeko indarrak kolpatu eta ahuldu asmoz. Inkomunikazioa eta berau aplikatu duten epaileak dira tortura bermatzen dutenak baina baita hau sistematikoki aplikatu duten Polizia Nazional eta Guardia Zibila ere. Tamalez, ezin ditugu praktika honetatik kanpo kokatu Ertzaintza ezta Jaurlaritza, beraiek ere tortura praktikatu eta bermatu baitute.

Gaur egindako ekimenean argi ikusi da hori; La cumbren orain 30 urte gertatutakoa irudikatu ondoren Ertzaintzak 8 gazte identifikatu baikaitu modu oldarkor eta harroan.

Tortura errealitate bat da euskal herritarrontzat. Eta zoritxarrez, errealitate izaten jarraituko du eskubide guztiak urratzen dituen inkomunikazioak indarrean jarraitu bitarte, epaile eta fiskalek ezikusiarena egiten jarraitu bitarte eta agintariek inolako neurri eta exijentziarik garatu ezean. Bada garaia argitu gabe diren milaka kasuei heldu, errepika ez dadin bermatzeko beharrezko neurriak hartu eta hemen tortura erabiltzen dela onartzeko.