Urrats feministaren aurkezpena eta kaiera

Urrats feministaren aurkezpena eta kaiera

Abisatuta geunden, esan genuen, Ernain gure ibilbide feministari ekitera goaz eta pasa den azaroaren 28an gure bideorria izango dena aurkeztu genuen Donostiko Doka Kafe Antzokian. Baina aurkezpen bat baino gehiago izan zen 28koa, prozesu honek mugimendu feministari egiten dion ekarpena eztabaidatzeaz gain, egungo borroka feministaren erronkei buruz solasteko ere aprobetxatu baikenuen zita bertan bildutakook. Hantxe ibili ginen feminismoaren lanketa misto baten indargune eta ahulguneak identifikatzen edota borroka feministaren hurrengo mugarriak zeintzuk izan behar diren definitzen (saiatzen behintzat). Aberasgarria oso izan zen bidailagun feminista ezberdinen arteko iritzi eta esperientzia saltsan murgiltzea. Eskerrik asko eman nahi dizkizuegu bertaratu zineten guztioi.

Bestetik,honatx aurkezpenean bertan ikusi genuen bideoa Mari Luz Estebanen Eskapan olerkiaren gainean egindakoa:

Zukgua prozesuan gazte antolakunde feminista ginela aldarrikatu ostean, aldarri hori mamituko duen barne prozesu feminista abiatuko dugu orain herriz herri. Lau urteko barne prozesu baten diseinua eginda, lehenengo urratsari hasiera ematera goaz. Eta lehenengo urrats honekin, gure barrenak astindu nahi ditugu: gure jarrerei, gure arteko harreman ereduei, hizkerari… erreparatu eta Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzeko subjektu iraultzaile bilakatu. Baina maila indibidualetik harago, prozesu feministarekin lortu asmo dugu antolakundearen funtzionamendu eta jardueran eragitea; finean, balore feministetan oinarritutako militantzia eredu bat izan dezagun.

Guzti hori lantzeko, Kaiera izango dugu tresna lagungarri. Bertan, barne prozesu honen garapenerako ariketak eta eduki ezberdinak biltzen dira. Hemendik aurrerakoa gutako bakoitzaren esku dago. Kaiera hartu, gozatu, eraldatu… pentsatu eta ekin!

Urrats feminista