Venezuelako herriarekin elkartasuna

Venezuelako herriarekin elkartasuna

Azken egun hauetan, Venezuelako Iraultza Bolivartarra oztopatu eta eten nahian dabil bertako oposizioa, yankeeen eta inperialismoaren babes eta laguntza osoarekin. Horixe da hain zuzen ere inperialismoaren plana: prozesua gelditu eta Venezuelako herriak benetan aske izateko duen nahia zapuztu kapitalaren mesedetan. 2002an Hugo Chavez presidentearen gobernuaren aurka egindako Estatu Kolpe saiakera plan honen beste adibide bat besterik ez zen izan.

Tamalez, plan honen baitan ez da soilik Venezuela kokatzen. Ameriketako Estatu Batuek eta ondorioz, inperialismo yankeeak, Amerika Latina osoa bere etxeko atzeko patio gisa erabili izan du eta beraz, ez du inolako interesik bertan inongo aldaketarik eman dadin. Status quo-a mantendu nahi du (hala uler daitezke 2012an Paraguayko Estatu Kolpeari emandako babesa, Colombian FARCen kontrako plana edota Hondurasen azken hauteskundeetan egondako putxerazoa).

Nicolas Maduroren gobernuaren aurkako erasoek, eta ondorioz Venezuelako herriaren kontrako erasoek, eragin zuzena dute kontinente osoan. AEBek badakite Kubako prozesuarekin batera kontinentea bere interesen aurka altxatzeko giltzarria den prozesua dela bolivartarra. Hori dela eta, ahaleginak eta bat egingo ditu barne arazoak hauspotu, oposizioa babestu edota eskuin muturreko sektoreak zuzenean finantzatuz, Venezuelan ezegonkortasuna sortzeko. Are gehiago, une hauetan, Chavez komandantearen figura esanguratsuaren galera probestu nahi du bere partida irabazi ahal izateko.

Gainera, guztiz onartezina iruditzen zaigu hedabideek Venezuelan gertatzen ari denaren inguruan izaten ari diren jarrera manipulatzailea. Adibide bi jartzearren, batetik, Unai Romano euskal herritarraren argazkia erabili izana Venezuelako gobernuaren oposizioko kideen aurkako ustezko tratu txarrak erakusteko. Bestea, Txilen edota Colombian ikasleen kontrako jazarpenaren irudiak erabili izana Maduroren gobernuaren Polizia Venezuelako ikasleen aurkako oldarketak bailitzan. Beste behin ere, agerian geratzen da medio kapitalistek noren mesedetan egiten duten euren lana.

Horregatik guztiagatik, Venezuelako herriari eta zilegitasun osoz hautatutako Nicolas Maduroren gobernuari gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, Chavez komandanteak irekitako bidean iraultza bolivartarra burura eramango duen prozesu iraultzaile honetan. Hala, gazteriari iraultza bolivartarrari geure babesa helarazteko dei egiten diogu, saretik hasi eta kaleraino.

Gora iraultza bolivartarra!
Gora Venezuelako herria!
Inperialismoa akatu!