Zorionak Països Catalans!

Zorionak Països Catalans!

Lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkiogu herri katalanari, azaroak 9an Herrialde Katalanen askatasunaren bidean pausu garrantzitsu bat emateagatik. Azken urteotako borrokak bere fruituak eman ditu eta igandean espainiar Estatuaren jarrera faxistaren aurrean kikilduko ez den herri bat tinko agertu zen.

Gobernu espainolak galdeketa legez kanpo utzi arren, bi galderei erantzun zieten herritarrek: nahi al duzu Katalunia Estatu bilakatzea?; bigarrena (lehena baiezkoa izanez gero), Estatu hori independientea izan dadin nahi duzu? Milaka herritarren parte hartzeak (2.230.000 lagun inguru) argi erakutsi du Kataluniako herria ez dagoela prest Estatu autoritario baten menpe jarrera sumiso bat izateko. Atzokoan, Estatu espainolak Kataluniaren aurrean autoritatea guztiz galdu duela argi geratu zen independentziaren aldekoek emaitza bikaina lortuz, bozken %80a baino gehiago, hain zuzen ere. Ezezkoak %4,55a lortu zuen.

Dena den, ezinbestekoa dugu begirada atzera botatzea gaur egungo egoeraren ulertzeko. 79an sortu ziren CUP (Candidaturas de Unidad Popular, Herri Batasunerako Zerrendak) eta plataforma ezberdinek independentzia hizpide zuten herri galdeketak sustatu zituzten eta hauexek izan ziren hurrengo urteetako gertakari guztien oinarri eta pizgarri nagusienak. Lehena, Arenys de Munt herrian egin zen 2009ko irailaren 13an eta baiezkoak %96tik gorako babesa jaso zuen. Dozenaka herrik Arenys de Munt eredutzat hartuta herri galdeketak garatu zituzten herritarrei Kataluniaren independentziaren alde edo kontra zeuden galdetuz.

Hala, plataforma herritarrek jarritakoa oinarritzat hartuz, 2012 eta 2013ko Diada jendetsuek argi erakutsi zuten Kataluniako herritarrak prest daudela euren herrian eskenatoki berri bat zabaltzeko. Milaka herritarrek kaleak hartu dituzte azken urteotan erabakitzeko eskubidearen alde, Generalitat-eko gobernua lerrokatzera behartuz. Horrela, 2014ko azaroaren 9rako independentziari buruzko erreferenduma deitzera bultzatu dute Govern-a eta hasieran aipatu bezala, normaltasun osoz garatu zen. Dena den, azpimarragarria da Estatu espainolak izandako jarrera atzerakoi eta antidemokratikoa. Eskoziako erreferendumarekin ez bezala, gobernu zentralak ohiko errepresioa eta debekuen errezeta erabili du nahiz eta kasu honetan kontrako efektua lortu.

Ikusteke dago ordea, hemendik aurrera zer gertatuko den. Argi geratu da desobedientziaz soilik lortuko dutela benetako aldaketa erdiestea. Guztia aldatu nahi badute, Herrialde Katalanetan errotiko aldaketa eman nahi badute, mugak gainditu eta desobedituz egin beharko dute igandean erakutsi bezala.

Esan bezala, zorionak Euskal Herritik guztia aldatzeko bide horretan emandako pausuagatik. Orain arte zuekin egon garen bezalaxe, hemendik aurrera ere, zeuekin izango gara. Estem amb vosaltres!