Burujabetza Feministarantz Gazteak Martxan gaude!

Burujabetza Feministarantz Gazteak Martxan gaude!

Kapitalismo patriarkarrak emakumeok objektu eta ez subjektu nahi gaitu. Gure ahalduntzea eta burujabetza ukatu nahi du. Ukazio hau sistemaren zirrikitu guztietatik hedatzen da, gure gorputzetaraino heldu arte. Gure gorputzak eta gure bizitzak objektu eta produktu bilakatu nahi dituzte. Finean, erreprodukziorako makina nahi gaituzte, zertarako? Sistema mantendu dezagun. Harreman heterosexual eta monogamoak erreproduzitu eta familia nuklear tradizionala gure patu bihurtu.

Eta honek badu isla gure egunerokotasunean, nola? Gure harreman ereduen bitartez. Gure harreman ereduak jabetza kapitalistan oinarrituak daude: “zu nirea zara, ni zurea naiz”. Maitasun erromantikoa oinarri duten harreman hauetan emakumeak plazerraren objektu eta ez subjektu gara: zaintzaileak, pasiboak, besteentzat erakargarriak, besteei plazerra emateko heziak... Gure identitatea eraikitzeko hezi ordez, besteei begira egon behar garela erakutsi digute.

Borrokarekin soilik aldatu daitezke gauzak. Horren erakusle da erresistentzia feministaren indarrarekin Gallardonek proposatutako Lege Erreforma gelditu izana. Baina patriarkatuaren aurpegi kontserbadoreenak gure gorputzak kontrolatzen jarraitu nahi du. Gazteon kontrako eraso honekin egun indarrean dagoen lege eskasarekin nahikoa ez eta atzerakoiagoa bihurtu nahi dute. Gallardonen eraso berriak 16 eta 17 urteko gazteok gurasoen baimenik gabe ezingo dugu abortatu. Infantilizatu nahi gaituzte, gure erabakiaren eta gorputzen jabe izatea galarazi, gure artean harreman afektibo eta sexual askeak izatea debekatu. 16 eta 17 urteko neska gazteok ezingo dugu abortatu baina 13 urterekin ezkondu bai.

Honen aurrean guk argi dugu: bagoaz iraultza sistemaren azken zirrikituetara eramatera! Bagoaz burujabetza feministarantz! Gure gorputzetatik, gure bizitzetatik hasiz, pertsonalari balio politikoa emanez. Objektu nahi bagaituzte gu subjektu izango gara, burujabe izango gara. Gure gorputzen, gure plazerraren eta gure bizitzen jabe izatea ahalbidetuko dituzten harreman eredu disidenteak sortuz, bizi eredu askatzaileak eraikiz. Zernahi izango gara!

Martxoaren 8an kaleak betetzera irtengo gara. Horregatik antolatuta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu neska gazte guztiei. Burujabetza Feministarantz Gazteak Martxan gaude!