Troikaren aurrean, gazteok martxan!

Troikaren aurrean, gazteok martxan!

Historiaren motorra klase borroka da. Historia garaikidea herri klaseok burgesiaren aurka irabazi eta galdutako batailen historia da, eta gaur egungo egoera aurreko urteetako gatazken emaitza zuzena da.

Gazteok bereziki, maiz entzun izan dugu gure egoeraren erantzule gu geu garela. Baieztapena ez da guztiz faltsua aurretik aipatutakoaren ildotik gure antolatzeko eta borrokan aurrera egiteko gaitasunaz ari bagara; onartezina da ordea, pairatzen dugun miseriaren erruduntzat gazteak jotzea.

Herritarron gehiengoaren egoera goi klaseen zapalkuntzak eragindakoa da, eta klase zapaltzaileaz ari garenean ez gara “merkatuez” edo “botere ekonomikoaz” modu abstraktuan ari. Merkatuek aurpegiak dituzte, hezur-haragizko pertsonak dira. Haiek dira prekarietatearen erantzuleak. Eta horiek bezain errudun (edo gehiago) dira euren mesedetara dauden agintariak. Gauza jakina da instituzio gehienak zapalkuntzarako egiturak baino ez direla, honen adibide argiena azken urteotan Europako Batasunarena dugu. Maskara kendu eta bere benetako izaera azalarazi du, zalantzarik bazegoen ere.

Munduko elite finantzarioen aurpegirik ezagunena Europan Troika da. Troika, izatez, hiru zaldik gidatutako trineo errusiarra da, baina gaur egun Europako Banku Zentrala (EBZ ), Europako Batzordea eta  Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) osatutako hirukoari esaten zaio.

Eliteen trineotik tiraka dabiltzan zaldiak. Kasu honetan beharbada astoak; EBZko Mario Draghi, Europako Batzordeko Jean-Claude Juncker eta NDFko Christine Lagarde. Hiruko honek Europa hegoaldeko hainbat herrialderi ezarritako erreskateetan du sorrera. Eurak dira finantza eliteen aginduetara Europa hegoaldeko herriak zorraren mekanismoez kolonia bilakatu dituzten politiken buruak. Haiek dira lan erreforma basatiak ezarri eta gazteak prekarietatera kondenatu gaituztenak.

Baina Draghi, Juncker eta Lagarde hiru izen besterik ez dira; Rajoy, Hollande, Urkullu edota Barcinarekin jarraitu eta PNVrekin batera Kutxabanken pribatizazioaren errudun nagusienetako bat den Mario Fernándezekin buka. Zerrenda ordea asko luzatu daiteke.

Honen aurrean zapalduok proiektu politiko baten inguruan antolatuz gero, zerrenda horretako guztiak kikilduko liratezke. Klase borrokaren historia luzean, langileok aurre egin dugun momentuak proiektu edo erreferentzia sendo baten pean bildu garenekin bat datoz. Bloke sozialistaren erreferentziapean (kritikagarria izan daitekeen arren) bildutako langile mugimenduaren beldur ziren Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako eliteak. Kapitalismoa berregokitzera behartuak egon ziren, produkzio fordistan eta ongizate estatuan oinarrituz.

Ofentsiba neoliberalaz ari garenean klase zapaltzailearen atake sistemikoaz ari gara. Horren aurrean herri klaseak antolatu eta burujabetzaren mailuaz kolpatu behar ditugu. Defentsa egoera batetik aurrera salto egiteko unea da. Gure proiektu politikoa dugu borrokarako tresna, burujabetzaren alderdi ezberdinetan egindako aurrerapauso oro klase borrokan garaipen txiki bat da-eta.

Askapenerako bidea guk geuk urratu behar dugu, baina etsai eta helburu berdinak batzen gaituzten horiekin batera. Bereziki zapalduak garen heinean, batasun horretan gazteon ekarpena ezinbestekoa izango dela gauza argia da. BALDINTZA DUINEN ALDE, GAZTEOK MARTXAN!