[#Zorrotz] Borreroek ez dute lekurik Euskal Herrian

[#Zorrotz] Borreroek ez dute lekurik Euskal Herrian

Borreroak baditu milaka aurpegi Euskal Herrian eta baita munduko edozein txokotan ere. Izan enpresa multinazionaletan, bankuetan, Nafarroako erregimena sostengatu nahien dabiltzaten zutoinetan edota Eusko Jaurlaritzan. Izan Guibelalde, Urkullu, Sarria edota Toña. Bakoitzak bere gorbata badu ere, guztiek daukate poltsiko bera; herritarren dirua lapurtuz sekula betetzen ez dena.

Pello Guibelalderen ustetan gazteok eroso bizi gara, etxeko sofan goserik pasatu gabe eta ezer egin gabe, gurasoen labezomorro. Esandakoak hautsak harrotu zituen, egunkarietako titular eta albistegietan. Horregatik, kanpora begira bere irudia zaintzen duenak gomendatuta akaso, barkamena eskatu zuen Espainiako Borboien antzera. Itxurakeri hutsa, pentsatzen duena esateagatik eskatu du barkamena, ez bere erruz egunero-egunero herritarrak prekarietatera kondenatzeagatik. Eta hor jarraitzen du, gipuzkoako enpresarien buru harro-harro.

Momenturik zailenetan beti agertzen dira lagunak esku bat botatzera. Lehenengo PNV agertu zen enpresa gizon koitaduari babesa ematera. Eta geroago PNVek jarritako Enplegu eta Gizarte Politiketako trapitxeroa, Angel Toña. Pello laguntxoari errieta txiki bat egin eta ezin izan zen isilik geratu. Gazteon etsaiak zarete!

Lekzioak eman nahian mundua deskubritu balu bezala mintzatu zen lotsagabe. 800 euroko soldata ez dela duina eta familia izan nahi badugu 1500 eurokoa ere ez. Umeak izatera animatzen gaitu gazteoi, aita-ama eta seme alaba eder-ederrak izateko, hor omen dago zoriontasuna. Kanpoko neska ederrekin ezkonduta izan behar ditugula esatea falta izan zaio, Guibel handi lagunaren uste matxistak borobilduz.

Ados gaude ez direla soldata duinak egun ditugunak, hilaren bukaera guztietan konturatzen gara horretaz. Berak ordea, ederki jasoko ditu enpresa-alderdiko lagunen oparitxoak. 1200 eurotik gorakoak izan behar direla dio, ados gaude. Hala ere, hitz gutxiago eta ekintza gehiago Toña. Sustatzen dituzuen enplegu politika neoliberaletako praktika kontratoek irizpide horren arabera izan daitezela, eta patronalari bitartekoak exijitu baldintza duinak bermatzeko.

Gure buruaren jabe izan nahi dugu eta ez dugu familia eredu heteropatriarkala erreproduzitu beharrik Toñaren baldintzetan sartzeko. Umea izan edo ez, edo nolako familia sortu nahi dugun gure erabakia izan behar da eta soldata betiere duina gure bizi proiekua aurrera ateratzeko.

Prekarietatean bizitzea gure errua eta erabakia dela esaten digute. Lan ona izan nahi badugu unibertsitatera joan eta ordaindu, masterra egin eta ordaindu, langabezian gaudenean hizkuntzak ikasteko berriz ordaindu... etengabeko zurrunbiloan ito nahi gaitutze beraien ogi apurrak janda arnasa har dezagun. Gaizki ordaindutako enplegua hartzen baldin badugu beste irtenbiderik ez dugulako da, beharrizana dugulako, ez dugulako beste ezer aukeratzerik. Bokazioz ikasten dugu, baina Euskal Herrian ez dago gustatzen zaigunaz lan egiteko enplegu politikarik. Kualifikatuak gara, denbora, ilusioa eta esfortsua inbertitzen dugu, baina gerora ez dago horri integralki irtenbide duin bat emango dion politikarik. Miseria besterik ez digute eskaintzen beraein aberastasunaren mesedetan.

Eta ez hori bakarrik. Akademikoki ondo prestatutako belaunaldia baino gehiago gara, baldintza duinetan, lan egiteko prest gauden belaunaldia gara. Guk ez dugu gure balioa soilik prestakuntza akademikoan neurtzen. Eta gure exijentzia ez da soilik unibertsitarioentzat. Enplegu duina eta prekarioa izango ez den bizitza gazte guztion eskubidea da. Ez gehiago ezta gutxiago ere.

Esplotazioa, prekarietatea eta etorkizun beltza besterik ez digute eskaintzen espainiar estatuak eta egungo sistema kapitalista heteropatriarkarrak. Bidelagun zintzoak dira zipayismo ekonomikoa burutzen duten autonomistak, klase interesak ondo baino hobeto defendatuz. Ordua da burua altxatu eta kateatu nahi gaituzten mahaiari ostiko bat emateko. Ordua da gure buruaren jabe izateko erabakiak hartzea, esparruz esparru eta borrokaz borroka oraina eraldatzea etorkizun hobe baterako. Gazteok bagoaz prekarietatetik emantzipatzera. Egungo gazte prekarioak gara Herri aske bat eraikiko dugunak, Guibelalde, Toña edo bestelako milaka aurpegidun borreroak lekurik izango ez duten Euskal Herria. Gazteok bagoaz gure etorkizuna irabaztera!